Igandean Umeen Euskal Festa Eguna ospatuko dute herrian

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 15a, 10:07

Hamabi herritatik etorritako erraldoiek hartuko dute parte kalejiran eta dantza txapelketan

Arratsaldean, berriz, haurrentzako jolasak eta puzgarriak izango dira plazan

San Inazio festetako bezperetan daude Azpeitian, eta urtero bezalaxe, aurrez egiten diren ospakizun eta ekitaldien txanda ere iritsi da. Hau da, igande honetan bertan Umeen Euskal Festa Eguna antolatuko dute, eta Udalak haurrak baserritar arropekin janzteko eskatu du.

Goizeko 10:00etan hasiko dira haurren eguneko ekitaldiak, Itsasiko txistularien eta Banda Gazteak goiz-eresiarekin. Ondoren, 10:45ean, haurrek Udalbatza irudikatuko dute eta plazatik parrokiara kalejira egingo dute. 11:00etan, haurrentzako meza nagusia izango da parrokian, Juan Antxieta Musika Eskolako abesbatzak abestuta. Meza ondoren, 11:30ean, erraldoien desfilea hasiko da, parrokia ataritik.

Erraldoien desfilean hamabi herritako erraldoiek hartuko dute parte: Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Donostia, Zarautz, Elgoibar, Hondarribia, Legazpi, Lizarra, Oiartzun, Orduña eta Txantreakoak.

Eguerdian dantza saioari ekingo diote, herriko plazan. Aurrena, dantzari txikiak ariko dira eta, ondoren, erraldoien dantza txapelketa hasiko da.

Arratsaldean ere, 17:00etatik aurrera, izango dira haurrentzako jolasak eta puzgarriak, herriko plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide