Zilarrezko LEB Ligan izena eman ondoren, Lan Mobel ISB saskibaloi taldeak 2010-2011 denboraldiko taldea osatzen hasi da. Lagun Aro GBCk utzitako Jon Txakartegi entrenatzaile donostiarrak zuzenduko du Iraurgiko talde nagusia, beste urtebetez.
Aritz Martinez (1982) eta Asier De la Iglesia (1983) piboteek eta Xabier Osa Xabo (1986) hegalak baietz esan diote Iraurgiren eskaintzari, eta taldean izango dira datorren denboraldian. Haiekin batera, Mikel Azkue (1991) azkoitiarra egongo da taldean. Aurreko denboraldian Lizuan taldean egindako lan onari esker irabazi du tokia talde nagusian.
Honenbestez, Xabier Osa jokalari zarauztarrak zazpigarren denboraldia jokatuko du Iraurgin. Junior mailan hasi zen jokatzen Urolako taldean eta ordutik bi igoera ezagutu ditu Osak. Aritz Martinezek, berriz, laugarren urtea egingo du klubean, 2007-2008 denboraldian sartu baitzen taldean. Asier De la Iglesiarentzat hirugarren urtea izango da hau.
Aipatu lau jokalari hauekin Jon Txakartegik zuzentzen duen taldearen muina berrituta etorriko da aurten. Iraurgi SBk aurreratu duenez, Josean Cavada eta Joseba Ibargutxi izan daitezke hurrengo fitxaketak.
Talde gipuzkoarra
Iraurgiko lehen taldeak, Lan Mobel ISBk, bukatu berri den denboraldian lortu du Espainiako EBA Ligatik Zilarrezko LEB mailara igotzea. Aurrekontua "oso mugatua" badu ere, liga honetan jokatzeko izena eman du dagoeneko Espainiako Saskibaloi Federazioan. Gipuzkoarrekin osatutako talde batekin lortu dute mailaz igotzea, eta Iraurgik gogorarazi duenez, aurrera begira ere ildo horri helduko diote.