Haurrekin hasi dira herriko festak

Urola Kostako Hitza 2010eko uztailaren 20a

Haurren Udalbatza, udaletxeko arkupetan. (Nerea Uranga)

Herenegun erraldoien dantza txapelketan, banakakoetan Bergarak irabazi zuen

Taldekoetan, berriz, Txantreako taldea izan zen garailea

Saninazioak gertu, Haurren Egunarekin festa giroa hedatzen hasi da herrian.

Itsasiko txistulariek eta Banda Gaztearen kalejirarekin hasi zen herenegun Umeen Euskal Festa. Ondoren, haurrek osatutako Udalbatza Txikiak kalejira egin zuen udaletxetik parrokiara bitartean.

Meza entzun eta berriro udaletxeko arkupetara joan zen Udalbatza osatu zuten taldea. Horrekin batera, erraldoien kalejira hasi zen. Aurten, iaz baino bi talde gutxiagok hartu dute parte bertan; hau da, hamabi herritatik etorritako konpartsak ibili ziren alde zaharreko kaleetan barrena.

Erraldoien urteroko lehia

Kalejira bukatuta, erraldoien konprtsa guztiak herriko plazan bildu ziren. Han, dantzari txikiek dantza saioa egin eta ondoren Erraldoien Dantza Txapelketa hasi zen.

Aurrena banaka jardun zuten eta, ondoren, taldeka. Banakakoetan, Bergarak irabazi zuen norgehiagoka eta, ondorioz, 300 euroko saria eskuratu zuten bergararrek. Puntu erdiko aldeari esker nagusitu zen Bergara. Taldekakoetan, berriz, IruƱeko Txantrea auzoko erraldoiak izan ziren dantzan onenak. Txantreako taldeak 600 euroko saria jaso zuten aurtengo txapelketan.

Erraldoien Dantza Txapelketako epaimahaia honako hauek osatu zuten: Azpeitiko Dantza Suelto eskolako Luis Alberdik, Azpeitiko Argazki Elkarteko Joxerra LarraƱagak, Zarauzko konpartsako kide Itziar Irastorzak eta Azpeitiko Udaleko zinegotzi Onintza Etxeberriak.

Itzal bila

Azkeneko urteetan bezala, aurten ere bero handia egin zuen umeen egunean.

Horregatik, herriko plazan jende asko itzalaren bila ibili zen igandean. Arratsaldean, haurrentzako jolasak izan ziren bai plazan, bai Olazko Andre Mariaren plazan, eta herriko txikienek eta gaztetxoek ez zuten Udalak jarritako aukera galdu nahi izan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide