Izarraitz Igeriketa Elkarteko Pablo Etxeberria eta Ainhoa Goenaga igerilariak etxera itzuli dira Espainiako Udako Txapelketak jokatu ondoren. Etxera bueltan, txapelketan ikusi duten maila handia nabarmendu dute biek ala biek.
Esperientzia berria
Pablo Etxeberria Madrilen (Espainia) izan da Euskadiko igeriketa taldearekin. Lehen aldiz hartu du parte azpeitiarrak honelako txapelketa batean, eta "oso gustura" etorri da han bizitako esperientziarekin. Dominarik lortu ez badu ere, bi frogetan parte hartzeko aukera izan du: 400 metro librean eta 4 x 200 metro librean.
Hirugarren aldiz Espainian
Ainhoa Goenaga hirugarren aldiz izan da Espainiako txapelketan. Oraingoan Palma Mallorcan (Espainia) izan da. Igerilari gazteak hiru frogatan hartu du parte: 50 metro librean 30. postua lortu du; 200 metro bizkarrean 19. postua eskuratu du, eta 100 metro bizkarrean, berriz, 14. postua. Era berean, Goenagak Neguko Espainiako Txapelketan ere 14. postua lortu zuen, 100 metro bizkarrean.