Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 2007an onartutako Arau Ordezkatzaileak baliogabetu ditu. Horren aurrean, Azpeitiko Udalak helegitea aurkeztuko du. Horren berri eman zuen Julian Eizmendi (EAJ) Azpeitiko alkateak, herenegun, ohar bidez: "Uste dugu epai hori zalantzan jartzeko arrazoiak badaudela, eta horregatik Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko du Udalak". Beraz, Auzitegi Gorenak "azken hitza" esan bitartean arauak indarrean jarraituko dutela gaineratu du alkateak.
Bestetik, Udalak Azpeitiko Plan Orokor berria egiteko lanean segitzen duela azaldu du Eizmendik. "Plan Orokor horrek herriaren 2020 urtera arteko antolaketa zehaztuko du".
Etxebeltz-Izarran eraginik ez
Etxebeltz-Izarra lur eremuari dagokion araudia 2005ean bideratu zuen Udalak. "1992ko Arau Ordezkatzaileen aldaketa puntual bezala bideratu zen, beraz, orain Auzitegi Nagusiak hartu duen erabakiak ez dio eragingo lur eremu horretako garapenari", zehaztu du Eizmendik.