Guztia prest lehiarako

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 1a, 13:09

Andrew Bennett britainiarra eta Reggie Bratton eta John Rybak estatubatuarrak dira azken fitxaketak

Azpeitiko Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldeak urriaren 3an hasiko du denboraldia

Denboraldi aurrekoa hasterako atzerriko hiru jokalari fitxatu ditu Espainiako Zilarrezko LEB mailako Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldeak: Andrew Bennett britainiarra, eta Reggie Bratton eta John Rybak estatubatuarrak. Hala, taldea osatuta, joan den hilaren 23an hasi ziren entrenatzen, Azpeitiko kiroldegian. Denboraldia eta maila berria, berriz, urriaren 3an estreinatuko dituzte, etxetik kanpo, Errioxako (Espainia) Clavijoren aurka jokatuz.

Talde osoa orain hamar egun hasi zen entrenatzen, Azpeitiko kiroldegian. Denboraldi honetan ere jokalariek Xabi Aranburu azpeitiarra izango dute prestatzaile fisikoa, honek Iraurgirekin kontratua berri baitu. Aranburuk Iraurgiko lehen taldearekin hirugarren denboraldia izango du hau, eta elkartean bosgarrena.

Bigarren entrenatzailea, berria

Aurreko denboraldia bukatu orduko Jon Txakartegi donostiarrak taldea zuzentzen jarraituko zuela jakin zen. Bigarren entrenatzailearen postuan aldaketa izan da: Andoni Lazkanoren tokia Iker Buenok beteko du; hau ere, aurrekoa bezalaxe, azpeitiarra da. Lazkanok lan kontuak tarteko utzi du bigarren entrenatzaile postua.

Buenok 22 urte ditu eta uda honetan bertan saskibaloiko goi mailako entrenatzaile izateko ikastaroa egin du. Iraurgi Saskibaloi Elkarteak Bueno fitxatuta bertako jendeari aukera bat eman nahi izan dio: "Hala, prestatutako teknikoak etxean bertan izatea da gure asmoa". Aurreko denboraldian, Buenok Kirol Aukera ISB zuzendu zuen eta Errotaundi ISB taldean jokalari eta entrenatzaile aritu zen.

Fitxatutako azken jokalariak atzerritarrak izan dira. Abuztuaren 9an Andrew Bennett fitxatu zuen Lan Mobel Iraurgik. Hau britainiarra da izatez, baina saskibaloian batik bat Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) ibili da. Joan den denboraldira arte AEBetako North Georgia taldean jokatu du.

Reggie Bratton (24 urte) amerikarra joan den hilaren 17an fitxatu zuen Iraurgik. Bratton Erresuma Batuko Lehen mailako Worthing Thunders saskibaloi taldetik heldu da Iraurgira. Baina talde horretan aritu aurretik AEBetako Lenoir-Rhynen aritu zen.

Iraurgik fitxatu duen beste estatubatuarra John Rybak da. Hegaleko jokalaria da hau eta 24 urte ditu. Iraurgira AEBetako Texas State taldetik dator. Denboraldi baterako kontratua egin dute, baina beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.

Asteburuan, Euskal Kopa

Denboraldi aurreko lehen lagunarteko partida atzo jokatu zuen Iraurgiko gizonezkoen lehen taldeak. EBA mailako Askatuak izan zuen aurkaria Donostian jokatutako norgehiagokan.

Asteburu honetan, berriz, Santurtzin (Bizkaia) Euskal Kopa jokatuko dute. Iraurgik, Aurteneche Maquinaria eta Tabirako taldeen artetik irabazlea izaten denaren kontra jokatuko du, larunbatean, 18:00etan. Bi talde horiek EBA mailakoak dira.

Larunbateko norgehiagoka irabaziz gero, Lan Mobel Iraurgik igandean, 12:30ean, Euskal Kopako finala jokatuko luke.

Denboraldia eta maila, berriz, hilabete barru estreinatuko ditu Lan Mobel Iraurgik.

Lan Mobel Iraurgi

Taldea

Entrenatzaileak: Jon Txakartegi eta Iker Bueno.

Prestatzaile fisikoa: Xabi Aranburu.

Baseak: Joseba Ibargutxi eta Borja Martinez.

Hegalekoak: Xabier Osa, Mikel Azkue, Reggie Bratton eta John Rybak.

Pibotak: Andrew Bennett, Aritz Martinez, Asier De la Iglesia eta Josean Cavada.

Beste jokalariak: Lizuan.com ISB taldeko honako jokalari hauek lehen taldearekin entrenatuko dute: Imanol Zubizarreta (1992), Ibon Guridi (1992), Jakes Alberdi (1992) eta Xabier Odriozola (1987).

Zilarrezko LEB maila

Taldeak: Lan Mobel Iraurgi, Santurtzi, C.B. Guadalajara, Regal F.C. Barcelona, Basquet Mallorca, FEVE Oviedo Baloncesto, Leyma Basquet Coruña, Fontedoso Carrefour El Bulevar de Avila, ADT Tarragona, CB Promobys Tijoa, Clavijo, BC River Andorra, CB Prat Joventut, CB Illescas eta Plasencia Extremadura.

Denboraldiaren hasiera: Hilabete barru, urriaren 3an.

Iraurgiko bi talde kataluniara doaz

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko Caldereria Zaher ISB eta Epi Kristaldegia taldeak asteburuan Kataluniara joango dira lagunarteko saskibaloi txapelketa bat jokatzera. Bertan, Cornella Hiria II. Saskibaloi Txapelketan hartuko dute parte. Kadeteen mailako mutilen bi talde dira lagunarteko partidak jokatzera joango direnak. Ostiralean goizeko 07:00etan irtengo dute Azpeitiko anbulatorioaren aurretik eta eguerdi aldera iritsiko dira Cornellara .

Ostiralean eta larunbatean jokatuko dituzte partida guztiak. Sailkatuz gero, igandean ere jokatuko lukete partidaren bat.

Caldereria Zaher ISB taldeak FC Barcelona, Joventut Badalona eta CB Sant Josep Gironaren aurkako saskibaloi partidak jokatuko ditu ostiralean eta larunbatean. Epi Kristaldegia saskibaloi taldearen aurkariak Cornella 95, FC Barcelona, Cornella B eta L'Hospitalet B taldeak izango dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide