Gaurtik ordaindu egin beharko da Soreasuko aparkalekua

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 1a, 13:09

Plaza eta azoka plaza atzea aparkaldi laburrentzat izango da

Soreasu, berriz, aparkaldi luzeagoentzat izatea da Udalaren asmoa

Irailarekin batera garestiago izango da autoa herriko zenbait tokitan aparkatzea. Gaurtik aurrera Soreasu jada ez da erabat doakoa izango eta laster batean plazan eta azoka plaza atzean aparkatzeagatik ordaindu beharreko kopurua handiagoa izango da. Modu horretan, Alde Zaharreko aparkalekuei dagokionez, plazako eta azoka plaza atzeko aparkalekuak tarte laburretarako izango dira eta Soreasuko aparkalekua, egonaldi luzeagoetarako.

Lehen 90 minutuak doan

Soreasun aparkatzea guztiz doakoa izan da joan den uztailaren 5ean zabaldu zutenetik atzora bitartean. Baina, orduan iragarri bezala, gaurtik aurrera ordaindu egin beharko dute autoa ordu eta erdi baino denbora luzeagoz han edukitzen duten erabiltzaileek. 91. minututik aurrera, minutu bakoitza 0,008333 euro kostako da. Arduradunek adierazi dutenez, autoa egun osoz bertan aparkatzea 10 euro azpitik kostako zaio erabiltzaileari.

Bestalde, gaurtik aurrera, autoa Soreasun aparkatu nahi duten herritarrek hilabeteko edo urteko txartela egin ahal izango dute. Horrela, hilabeteko txartela 50 euro kostako da eta urte osorako txartela 500 euro kostako da. Bi prezio hauek BEZa barne dute.

Soreasuko aparkaleku publikoan, lehen solairuan, txandakako 131 aparkaleku daude. Bigarren solairuan, aparkalekua erosita dutenentzat edota urteko txartela dutenentzat 109 aparkaleku daude, horietatik lau elbarrientzat.

TAOren prezioa gora

Bestalde, oraindik erabat zehaztu gabe badago ere, plazan eta azoka plazan aparkatzea garestiagoa izango da laster. Bere garaian udalbatzak onartu zuenaren arabera, ordubetez autoa TAO dagoen lekuan aparkatzea 0,60 euro kostako da. Horretarako ordea, makina berriak jartzea eta denbora eta prezioak guztiz zehaztea falta da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide