Eguzkiñe Peña: "Lagun Onak taldea uzteak pena handia eman dit"

Uztarria.eus 2010ko ira. 2a, 14:09

Eguzkiñe Peña, goian eskubitik bigarrena, taldekideekin. (Eguzkiñe Peñak utzitako argazkia)

Eguzkiñe Peñak Realeko nesken taldean jokatuko du datozen hiru denboraldietan

Aste honetan jokatuko du Realak denboraldiko lehenengo partida

Eguzkiñe Peñak (Azpeitia, 1992) Realeko nesken taldean jokatuko du datozen hiru denboraldietan. Lehenago, Lagun Onaken jokatzen zuen aurrelari azpeitiarrak. Asteburu honetan Zaragozako talde baten aurka jokatuko dute Superligako lehenengo faseko aurreneko partida.

Sorpresa izan al da datorren denboraldian Realean jokatuko duzula jakitea?

Bai, sorpresa izan da. Espero ez nuenik ez dut esango, baina ezezkoa jasotzeko aukera hor egoten da beti. Egia esan, ezezkoa jasotzeko beldurra nuen gustura egon bainaiz aurredenboraldian. Han jarraitu nahi nuen.

Espero zenuen, orduan.

Bai, espero nuen, baina zalantzak nituen.

Realean aukeratu aurretik, zein proba pasatu dituzu?

Deitu zidatenean hiru astetik behin joateko esan zidaten entrenatzera. Gero, aurre denboraldia egiteko esan ziguten ni eta beste lau laguni. Guztira, sei aste egon naiz astean bost egunetan entrenatzen eta, orain, hor nago hiru urterako kontratuarekin.

Superligan, hau da, emakumeen goreneko mailan jokatzeak beldurrik ematen al dizu?

Beldurra ez da hitza, errespetua baizik. Beldurra ez da eduki behar horrelakoetan. Errespetua bai ordea. Esperientziadun jendea dago Superligan eta ni baino zaharragoak gainera.

Zer alde on eta txar ditu Realean jokatzeak?

Alde onak esaten hasiko naiz. Lagun Onakekin konparatuta beste maila batean dago Reala zentzu guztietan: taxia Zubietara joateko, arropa bertan garbitzen digute, instalazioak hobeak dira… Alde txarra, berriz, partidu asko ikusi egin beharko ditudala jokatu beharrean.

Denboraldiari begira, zer erronka jarri diozu zeure buruari?

Ahalik eta partidu gehien jokatzea eta ahal bada pare bat gol sartzea (kar, kar, kar). Baina konpetentzia handia dago eta zaila izango da jokatzea.

Denboraldirako zein helburu ditu taldeak?

Helburu nagusia kopan sartzea da. Hala ere, lehengo urteko postua hobetzea nahi genuke.

A taldean jokatuko duzue lehenengo fasea. Nola ikusten dituzu aurkariak?

Egia esan, ez diot asko begiratu multzoari, baina badakit Eibar eta Athletic ditugula taldean. Aste honetan, berriz, Zaragozako talde baten aurka jokatuko dugu eta gogorra izango den arren, irabaztea espero dut.

Lagun Onak taldea uzteak pena eman al dizu? Zer botako duzu faltan?

Pena handia eman dit, noski. Faltan taldekideak botako ditut, harreman oso ona nuen-eta.

Aldaketarik nabaritu al duzu? Salto handia al dago Lagun Onaketik Realera?

Izugarria. Beste maila bat dago Realean eta giro desberdina Lagun Onakekin konparatuta. Beste modu batean hartzen dira gauzak.

Zergatik diozu gauzak beste modu batean hartzen direla?

Entrenamentuetan konpetentzia handia dagoelako. Lehia sanoa. Ez dago partidura joan beharrik lehiatzeko.

Ikasketak eta futbola bateragarriak al dira?

Orain artean hala izan dira. Bietarako astia izan dut. Hemendik aurrera ez dakit nola izango den, ikusteko dago.

Urte batzuk badaramazkizu futbolean.

.13 urte nituela hasi nintzen, hau da, duela bost urte. Eibar taldean entrenatu eta txapelketa bat jokatu nuen. Hor hasi zen nire futbol ibilbidea. Han nengoela Lagun Onaketik deitu zidaten eta hara joan nintzen. Aukera ona egin nuelakoan nago, taldekideengatik batez ere.

Futbolean jarraitzeko asmoa al duzu aurrera begira?

Bai, ezin dut futbolik gabe bizi. Hala ere, erretiratzeko garaia iristen zaidanean mundu horretan jarraitzea gustatuko litzaidake, eta hala izatea espero dut. Hori bai, oraindik ez nuke nahi futbola uzteko garaia iristerik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide