Garmendiko biribilgunearen proiektua onartu dute

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 2a, 20:09

Garmendi Gainean biribilgunea eraikiko duten tokia (IRENE ELORZA)

Jendaurrean izan ondoren eman dio onespena Diputatuen Kontseiluak azpiegitura proiektu berriari

Foru Aldundiak 3.266.522,96 euro inbertituko ditu biribilgunea egiteko; oraindik ez dute zehaztu lanak noiz hasiko dituzten

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Garmendin eraikitzekoa den biribilgune berriaren eraikuntza proiektua onartu du. Egitasmoa jendaurrean egon da, eta ondoren eman diote onespena. Biribilgunea eraikitzeko 3,3 milioi euro inguru inbertituko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuak.

Biribilgunea GI-631 errepidearen baitan eraikiko dute, Garmendigainean eta OƱatzerako errepidearen (GI-3181) bidegurutzearen parean.

Onartu berri duten proiektuak azpiegitura berria nolakoa izango den zehazten du. Horren arabera, biribilgunearen erdiko diskoak 35 metroko diametroa izango du, eta zirkulaziorako eraztunak, berriz, bederatzi metroko zabalera. Hala ere, biribilguneak ohiko itxura ez duela izango adierazi dute Foru Aldundiko arduradunek: irletak izango ditu biribilguneak herriko bideen antolamendua errespetatzeko.

Biribilgune berriaren eraikuntza proiektuak bere baitan jaso du gaur egungo bidegorriak berregiteko modua ere. Horrez gain, oinezkoentzako espaloiak ere eraikiko dituzte, eta bizikletentzako bideak elkarrekin lotuko dituzte. Bestalde, gaur egun Garmendi Gainean dagoen zubia eraitsi egingo dute.

Lau urteko prozesua

Gipuzkoako Foru Aldundiak Garmendiko biribilgunearen prozesua 2006ko uztailean jarri zuen martxan. Orduan, biribilgunearen proiektua idazteko lehiaketaren berri eman zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Azpiegitura berriaren nondik norakoak idazteko, berriz, 70.000 euroko aurrekontua jarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Joan den martxorako biribilgunea eraikitzeko proiektua idatzita zegoen, eta informazio fasea hasi zuten, jendaurrean jarriz. Bide Azpiegituretako Sailaren Donostiako bulegoetan eta Azpeitiko udaletxean izen zen kontsultagai proiektua. Orain bost hilabete azaldu zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiak 3.266.522,96 euro inbertituko dituela Garmendiko azpiegituran. Kontuak kontu, oraindik ez dute zehaztu biribilgunea egiteko lanean noiz hasiko diren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide