Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako bederatzi zubi indartuko ditu 2012ra bitartean errepideetako garraio berezi eta astunen trafikoa areagotu delako. Bederatzi zubi horietako bi Azpeitikoak dira, Gi-631 errepidean Urola ibaiaren eta trenbidearen gainetik pasatzen direnak, hain zuzen.
Zubi guztien indartze lanekin aurten hasiko diren arren, Azpeitiko bi horietan egin beharreko lanak 2012an hasiko dituztela iragarri dute. Guztira 2,6 milioi euro gastatuko ditu Foru Aldundiak aurreikusitako bederatzi zubiak sendotzen.
Oraingoentzako astunegiak
Aldundiak jakinarazi duenez, tona askoko 3.000 kamioi igarotzen dira urtero Gipuzkoako errepideetatik. Horietatik 300 garraio berezi deiturikoak dira, 75 tonatik gora pisatzen dutenak, baimen bereziak behar dituztenak eta auto-piloto bat eraman behar izaten dutenak. Gipuzkoako errepideetatik igarotzen diren garraio berezien bataz besteko pisua 100 tonakoa da, eta 281 tonakoa izan da inoiz Gipuzkoatik pasa den garraiorik astunena.
Indartu behar dituzten bederatzi zubi horiek 60. eta 70. hamarkadetan eraikitakoak dira, 1956. urteko araudiaren arabera, eta ez daude pisu horiek jasateko diseinatuak.
Hori dela eta, garraio hauek zailtasunak izaten dituzte ibilbideak zehazterakoan eta helburuetara iristerakoan. Azpeitikoez gain, Aldundiak indartuko dituen zubiak N-1ean (Andoain, bi zubi), Gi-627an (Deba bailara, bi zubi) eta Gi-636an (Bidasoa, hiru zubi) kokatuta daude.