Lan Mobel ISB taldeak Euskal Kopa irabazi du Cafes Aitona taldearen aurka jokatu eta gero

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko ira. 7a, 12:09

Donostiako taldeari ia hogeita hamar puntuko aldea atera eta gero, bigarren aldiz jarraian jaso dute saria azpeitiarrek

Bestalde Iraurgi Saskibaloi Taldeak Andrew Bennet pibotaren kontratua desegitea erabaki du

Lan Mobel ISB saskibaloi taldeak Euskal Kopa saria irabazi du, igandean Cafes Aitona Askatuak taldeari irabazi eta gero.

Azpeitiko taldeak 77 eta 46 irabazi zion Donostiakoari, eta bigarren aldiz jaso zuen saria, iaz ere Gasteizen Euskal Kopa saria irabazi baitzuen.

Partida gora-beheratsua izan zen igandean jokatu zutena. Lehenengo laurdenean ozta-ozta garaitu zuen Donostiako taldea. Pixkanaka, eta batez ere atsedenaldiko tartea eta gero, bien arteko aldea hazten joan zen, Azpeitiko taldearen alde. Hirugarren laurdenean Iraurgik 54 puntu eta Kafes Aitonak 42 puntu zituzten, eta, azkenean, ia hogeita hamar punturen aldearekin irabazi zieten azpeitiarrek donostiarrei. Rybak jokalariak 15 puntu eskuratu zituen. Halaber, Aritz Martinez eta Osa jokalariek 13 puntu lortu zituzten.

Jokalari berria taldean

Igandean Cafes Aitona taldeari irabazi baldin bazioten ere, azpeitiarrek ezin izan zuten aurreko asteartean jokatu zuten partidan garaile atera. Berdinketarekin amaitu zen orduan Cafes Aitona eta Lan Mobel ISBren arteko norgehiagoka. Lan Mobelek gaizki hasi zuen partida, eta lehenengo laurdena 23-8 galdu zuen. Bigarren laurdenean markagailua erabat aldatu zuten azpeitiarrek, eta atsedenaldian 31na zegoen markagailua. Azkenengo laurdena jokatu eta gero, bi taldeek 68 punturekin amaitu zuten norgehiagoka. Astearteko partidan De la Iglesiak bederatzi puntu lortu zituen; Rybak, berriz, sei, eta Bennet eta Cavadak launa.

Bestalde Iraurgi Saskibaloi Taldeak Andrew Bennet pibotaren kontratua desegitea erabaki du. Bi astean behin entrenatzen jardun ostean hartu du erabakia taldeak. Erresuma Batuko jokalariare ordez, Chris Mortellano fitxatuko du talde azpeitiarrak. Mortellanok, bere aldetik, ibilbide luzea du atzetik eta iaz Japoniako Ligan jokatu zuen, Hamamatsu Phoenix taldean. Ostegunean jokatuko du lehendabiziko aldiz Iraurgin.

Ligako lehen partida Urrian

Zilarrezko LEB Mailako Liga urriko lehenengo asteburuan hasiko da. Lan Mobel Iraurgik Errioxako Clavijo taldearen aurka neurtuko ditu indarrak, urriaren 3an. Liga etxetik kanpo hasiko du talde azpeitiarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide