Corrugados Lasaoko langileek lau orduko lanuzteak hasi dituzte

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 9a, 10:09

Corrugados Lasao enpresako langileak. atzo goizean enpresaren aurrean eta Azpeititik Zestoara arteko errepidean egin zuten elkarretaratzean.

Lan hitzarmena negoziatzeko mahaia osatu eta adostasun batera iristea da langileek enpresari eskatzen diotena

Duela bi urtetik soldatak izoztuta dituztela salatu dute

Grupo Alfonso Gallardoko Corrugados Lasao enpresako langileek protestaldia gogortu egin dute. Joan den abuztuaren hasieratik ordubeteko lanuzteak egiten ari ziren, enpresako buruei lan hitzarmena negoziatzeko eskatuz. Atzotik, ordea, egunero lau orduko lanuzteak egingo dituzte langileek. Atzo goizean enpresako langileak enpresatik irten eta Azpeititik Zestoara bitarteko errepidera jaitsi ziren, eta bertan Corrugados Lasao: hitzarmenaren alde, inposaketarik ez lelo hartuta elkarretaratzea egin zuten.

Aurreko lan hitzarmena 2008-an bukatu zitzaiela diote enpresako langileen ordezkariek, eta berria negoziatzeko eskatzen dute. "Enpresako arduradunek langileok 56 ordu gehiago sartzea nahi dute, eta guk diogu hori probintziako hitzarmenaren gainetik dagoela. Guk eskatzen duguna da, mahaian jartzea eta lan hitzarmena negoziatzea", diote langileek.

Duela bi urtetik soldatak izoztuta dituztela salatu dute. "Lau errelebotik bi errelebotara jaitsi zuten lanaldia, eta orain, berriz, ordu gehiago sartzea nahi dute. Nola ulertzen da hori?", galdetzen dute langileen ordezkariek. Lan hitzarmena negoziatzeko mahaia osatu eta adostasun batera iristeko eskaera egin dute Corrugados Lasaoko langileek. "Horrelako ezer ez bada lortzen neurriak gogortu egin beharko ditugu", esan dute.

Joan den abuztuaren lehen egunean hasi ziren Corrugados Lasaoko langileak protestan. Hala, laneko errelebo bakoitzean ordubeteko lanuztea egiten hasi ziren: "Abuztuaren 1etik 12ra bitartean ordubeteko lanuztea egin genuen, gero oporrak izan ditugu eta irailaren 1etik 7ra arte berriro ordubeteko geldialdia egin dugu errelebo bakoitzean". Baina, lan hitzarmenaren negoziazioaren berririk ez, eta langileen protestaldia gogortu egin dute. Atzo hasita, errelebo bakoitzean lau orduko lanuztea edo geldialdia egingo dute Corrugados Lasaoko langileek.

Gaur egun Azpeititik Zestoara bitartean, Lasao auzoan dagoen Corrugados Lasao enpresan 54 langile ari dira lanean, eta beste hamazazpi langile enpresa talde berekoa den Azpeitiko Corrugados Gallardo enpresan ari dira lanean, utzita. Egun, Corrugados Lasao enpresan bi errelebotan egiten dute lan: goizekoan eta arratsaldekoan. "Garai batean lau errelebotan egiten genuen lana, baina gero asteburukoa eta gauekoa kendu egin zituzten", azaldu dute langileen ELAko eta LABeko ordezkari sindikalek.

ELA-k eta LAB-ek 9 greba egun deitu dituzte

Gipuzkoako metal arloko lan hitzarmenaren aldera bederatzi greba egun deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek. Hil honen bukaeratik azaroaren hasiera bitartean egingo dituzte: irailaren 27an eta 28an, urriaren 13an, 14an eta 15ean eta azaroaren 2an, 3an, 4an eta 5ean. Sindikatuen arabera, iragarri dituzten greba egun hauek joan den maiatzean eta ekainean egindakoei gehitu behar zaizkie. "Orduan greba egun haiek erantzun zabala izan zuten metalgintza arloko langileen artean", gogorarazi dute sindikatuek.

Bi sindikatuek azaldu dutenez, Adegik (Gipuzkoako Enpresaburuen Elkartea) "jarrera atzerakoiarekin" eta Gipuzkoako metaleko negoziazioari "inongo aukerarik eman gabe" jarraitzen du. Sindikatuen arabera, enpresaburuen elkarteak Gipuzkoako metaleko kideek urte luzeetako borroken ostean lortutako eskubide guztiak « ezabatu nahi» ditu. "Lan baldintzek sortu ez duten krisi bat erabili nahi dute, Gipuzkoako negoziazio kolektiboaren eredua aldatzeko", esan dute ELA eta LAB sindikatuek greba egun berriak deitzeko orduan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide