Lagun artekoan, baina Lan Mobel ISB-k irabazi egin dio Oviedori

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 13a, 12:09

John Rybakek utzitako tokia Anthony Paezek beteko du

Paez Austriako eta Britainia Handiko ligetan ibili da

Saskibaloiko Espainiako LEB mailako Lan Mobel Iraurgik urriaren 3an hasiko du denboraldi berria, eta denboraldia prestatzeko lagun arteko partidak jokatzen ari da hil honetan. Herenegun, maila bereko taldea den FEVE Oviedoren kontra jokatu zuen etxetik kanpo Asturiasen (Espainia). Iraurgikoak gustura itzuli ziren etxera Oviedori 66-76 irabazi ondoren.

Iraurgiko entrenatzaileak zortzi jokalarirekin moldatu behar izan zuen osteguneko partidan. Izan ere, Xabo saihetsean min hartuta bajan dago. Dena den, kantxara indarrarekin eta sasoiko irten zuten Lan Mobel ISBko jokalariek. Lehen laurdenean alde handia atera zieten asturiarrei, 10-21. Bigarren laurdenean, ordea, erritmoa pixka bat jaitsi egin zuten Iraurgikoek eta Oviedokoek aurkarien hutsei probetxua atera zieten. Hala ere, jokoaren lehen minutuetan ateratako puntuen aldeari eustea lortu zuten Txakartegiren mutilek Atsedenera 32-42 heldu ziren.

Hirugarren laurdenean bi taldeek txukun jardun zuten jokoan, eta nahikoa parekatuta aritu ziren. Horrek, berriro puntuen aldeari eusteko aukera eman zien Lan Mobel ISBkoei. Laugarren eta azken laurdenean, defentsan ondo aritu ziren eta partida bereganatu zuten.

Iraurgiko jokalarien artetik puntu gehien (19) Reggie Brattonek lortu zituen.

Larunbatean beste lagun arteko partida bat jokatuko du Lan Mobel ISBk. Kasu horretan ere etxetik kanpo ariko da, eta EBA Ligako Aurteneche Maquinariaren kontra.

Rybak-en tokian Anthony Paez

Egun gutxi batzuk egin ditu John Rybak-ek Lan Mobel ISBn. Astelehenean utzi zuen taldea, baina hark utzi orduko jokalari berri baten bila hasi zen Iraurgi Saskibaloi Elkartea. Baita berri bat fitxatu ere.

Atzo Iraurgik jakinarazi zuenez Anthony Paez fitxatu du. Austriako Ligako Oberwart Gunners taldean jokatu duen hegaleko jokalaria da Paez. Aurretik, ordea, 2007-2008ko eta 2008-2009ko denboraldiak Britainia Handiko BBL-ko Worcester Wolves saskibaloi taldean egin zituen. Igandean etorriko da Azpeitira eta astelehenean lanean hasiko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide