Hiru udal idazkarik diote Udalbiltza Partzuergoa sortzeko proposamena eurek egin zutela, ez ETAk

Berria.info 2010ko ira. 14a, 21:09

Defentsaren lekukoen txanda izan da gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean

Hilaren 29 arte auzipetuek ez dute Madrilera joan beharrik izango

Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo udal idazkariek Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiari ziurtatu diote Udalbiltza Partzuergoak ez duela ETArekin zerikusirik, eurek egin zutela Partzuergoa sortzeko proposamena, udal erakundearen diru mugimendua ahalbidetzeko. Eta guztia -Partzuergoaren sorrera eta honen jarduera-, legez egin zutela. Ondorioz, ez dagoela deliturik.

Aldiz, Fiskaltza eta Dignidad y Justicia akusazioek Partzuergoa, Udalbiltza eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa legez kanpo uzteko eskatzen dute, ETArekin lotura dutelakoan. Halaber, 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte Udalbiltzako 21 auzipetuentzat.

Defentsaren lekukoen txanda izan da gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gaur arratsaldeko lau eta erdiak aldera hasi dira defentsako lekukoak hizketan Udalbiltzaren aurkako epaiketan, eta lekuko horietako hiru izan dira udal idazkari haiek. 11 mintzatuko dira denera. Hasiera batean askoz ere lekuko gehiago eraman nahi zituzten, baina Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak atzera bota zizkien horietako gehienak.

Abuztuko etenaldiaren ostean, atzo ekin zioten epaiketari. 2003ko operazioan parte hartu zuten 17 poliziak deklaratu zuten akusazioaren lekuko gisa, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren eta Dignidad y Justiciaren eskariz. Polizia txostenak berretsi bertzerik ez zuten egin. Uztailaren 15ean hasi zen epaiketa eta Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu gabe segitzen du akusazioak.

Gaurko saioa amaituta, hilaren 29ra arte auzipetuek ez dute berriro Madrilera joan beharrik izanen. Egun horretan CCOO eta UGT sindikatuek greba deialdia egin duten arren, auzitegian agertu beharko dute auzipetuek -epaitegiko langileek greba egitea erabakitzen badute zaila izanen da auzi saioa egitea-.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide