Jesus eta Maria komentuko mojak aterpetxea eraikitzen ari dira

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 16a, 12:09

Beheko solairuan Osamen zentroari eta Itsasi Kultur Taldeari alokatuta zituen lokalak hutsik daude orain

Gaur egun hamazortzi moja bizi dira Jesus eta Maria komentuan, baina kongregazioak ez du komentua itxi nahi

Joan den udaberrira arte komentuko beheko solairuko hainbat lokal alokairuan zituzten Jesus eta Mariako mojek. Baina alokairuan zeuden lokal horiek hutsik daude dagoeneko; izan ere, Osamen buruko gaixotasuna dutenen Agifeseko zentroa urtearen hasieratik Baigerako eraikinean dago eta, Itsasi dantza taldeak, berriz, ikasturte berria Urola kalean hasiko du, lehen Zapo Txoko gaztelekua zen tokian bertan. Hala ere, mojek ia hutsik duten eraikinari erabilpen berri bat ematea erabaki dute eta, horretarako, birmoldaketa lanak hasi dituzte. Komentuan aterpetxea eraikiko dute.

"Komentuan egiten ari garen obren helburua gazteentzako aterpetxe bat eraikitzea da. Komentu hau eskola izateko eraiki zen, eta orain alokairuan genituen lokalak hutsik gelditu direnez, aterpetxe bezala jarriko dugu", azaldu du komentuko moja batek.

Jesus eta Maria kongregazioko mojek iazko irailaren 19an ehun urte bete zituzten Azpeitian; gaur egun Loiolako hiribidean duten komentua 1913an eraikitakoa da. Urteetan Jesus eta Maria komentuko jarduna irakaskuntzan oina-rritu izan zen; familia aberatsetako nesken eskola izan zen. 1946an, gainera, etxekoandre izateko eskola ere inauguratu zuten bertan. Baina, ikastetxea 1963an itxi zuten, ikasle gutxi zituztelako eta ezin zutelako mantendu. Hala ere, etxekoandreak prestatzeko eskolak 1974 urtera arte eman zituzten. Ordutik eta gaur egunera arte, gogo-jardunetarako etxea izan da Jesus eta Maria komentua.

Pixkanaka komentua husten joan zenez, lokal batzuek beste erabilera batzuetarako alokatzen hasi ziren. Esaterako, komentuaren beheko solairuan Uztaro Haurreskola sortu zuten 1975ean. Gero, haren tokia Itsasi Kultur Taldeak hartu zuen 2006ko udazkenean. Komentuaren bestaldeko beheko solairuan, berriz, Osamen buruko gaixotasuna dutenentzako zentroa jarri zuen Agifesek. Baina, iaztik, lokal horiek ere hutsik daude.

Komentua ez dute itxi nahi

Gaur egun hamazortzi moja bizi dira Jesus eta Maria komentuan. Baina, kongregazioak ez du komentua itxi nahi, "gu San Inazioren espirituko kongregazioa gara eta Loiolatik gertu dagoenez, komentu hau ez da itxi nahi". Hori dela-eta, beste erabilera bat ematea erabaki dute, eta aterpetxea izateko obrak hasi dituzte bertan. Aterpetxeko birmoldaketa lanak datorren urtearen hasieran bukatuko dituztela aurreikusi dute mojek, "guri hala esan digute". Beraien desioa datorren udarako dena bukatuta eta aterpea martxan izatea da, "ordurako aita santuak gazteriaren mundu mailako jardunaldiak deituta baititu Madrilen".

Aterpetxea egiteko lanak ordaintzeko mojek beraiek dirurik ez zutela azaldu dute mojek, baina Vaticanotik (Erroma, Italia) lanak egiteko diru laguntza jaso dute: "Gure komentura gogo-jardunak egitera mundu guztitik etortzen da jendea, eta horrek diru laguntza lortzea erraztu digu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide