'Paterra' ezarritako zigorra beteta kartzelan

Uztarria.eus 2010ko ira. 16a, 13:09

Gaur 21 urte betetzen ditu espetxean preso azpeitiarrak

Cordobako (Espainia) espetxean dago egun

Juan Karlos Arruti Paterra 1989ko urtarrilaren 16an atxilotu zuten Irunen, Bentas auzoan, ETAkoa izatea leporatuta. Ordutik hona estatu espainiarreko hainbat kartzeletan egon da. Gaur egun Cordoban dago, Azpeititik 780 kilometrotara. Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, "hamaika espetxe ezagutu ditu, dispertsioaren alde gogorrenak ezagutu ditu eta dagozkien eskubideak aldarrikatzeko hamaika borrokalditan hartu du parte".

.20 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta zigor hori iaz bete zuen osorik. Azpeitiko AMM-k adierazi du, "urtebete igaro da ezarrita zuen 20 urteko espetxe zigorra oso osorik bete zuela, baina Espainiako salbuespen epaitegiak hamar urte gehiagoko kondena ezarri zion. Beste hainbat euskal presori ezarri dioten doktrina ezarri zioten bizi arteko zigorrera kondenatuz".

'Paterra'-ren "berehalako askatasuna" eskatu du Azpeitiko AMM-k eta, horretaz gain, "prozesu demokratiko bat aurrera eraman ahal izateko dagozkien eskubide guztiak bermatzea ezinbestekoa ikusten" dutela jakinarazi dute.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra). Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). Soto del Realean (Espainia) preso, 420 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten.
- Jabi Agirre. Ocaña I.ean (Espainia) preso, 530 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduan Espainiaratu egin zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
- Josu Urbieta. (Pow). La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide