Greba mugagabea hasiko dute Corrugados Lasao enpresako langileek

Uztarria.eus 2010ko ira. 16a, 16:09

Corrugados Lasaoko langileak, Corrugadosen Landetako egoitzaren aurrean gaur egin duten elkarretaratzean (Nerea Uranga)

Datorren asteazkenean, hilaren 22an, hasiko dira greba mugagabean

Lan hitzarmena negoziatzeko mahaia osatu eta adostasun batera iristea da langileek enpresari eskatzen diotena

Alfonso Gallardo taldeko Corrugados Lasao enpresako langileek protestaldiekin jarraitzea erabaki dute eta, beraz, greba mugagabea hasiko dute datorren asteazkenean, hilaren 22an.

Protestaldiak abuztuan hasi zituzten, ordubeteko lanuzteak eginez. Izan ere, lan hitzarmena 2008an amaitu zitzaien langileei, eta hitzarmena negoziatzea eskatzen diote langileek zuzendaritzari. Zuzendaritzaren jarrera ikusita, aste honetan lau orduko lanuzteak egin dituzte egunero. Langileen arabera, "onartezina da negoziazioekin hasteko enpresako zuzendaritzak jarritako baldintzak onartzea, 56 orduko lan hazkundea onartzea inposatu nahi baitigute".

.70 lagunek osatzen duten Corrugados Lasaoko lan-taldeak jakinarazi du, "enpresak inposaketak alde batera utzi eta hitzarmena negoziatzeko mahaia osatzea onartu ezean mobilizazioei eutsi egingo dietela".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide