Soreasuko lur azpiko garajeak erosi edo bonoak ateratzeko epea astelehenean irekiko dute

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 17a, 21:09

Erosteko eskaera edota hileko eta urteko bonoa udaletxean egin behar da

Garaje bakoitzak 15.258,62 euro (BEZ barne) balio ditu eta trastelekuak 3.051,73 euro (BEZ barne). Bonoen aurtengo prezioak honakoak dira: hileko bonoa 50 euro (BEZ barne) eta urtekoa 500 euro (BEZ barne)

Soreasuko lur azpiko aparkalekuak uztailetik zabalik eta martxan daude. Orain, astelehenetik aurrera, bertako bigarren solairuan garajea eta trastelekua erosteko edota autoa aparkatzeko hilabeteko eta urtebeteko bonoak ateratzeko epea zabalduko dute.

Lur azpiko garajeak erosteko baldintza hauetakoren bat bete beharko da: Azpeitian erroldatuta egotea; herrian etxebizitza baten jabe izatea; herrian jardunean den merkataritza jarduerarako lokal baten jabe izatea; edota, besteren edo norberaren kontura diharduen langilea izan eta lantokia Azpeitian izatea. Baina, nahiz eta baldintza horietakoren bat bete, herriko zergak eta trafiko zigorren ordainketak eguneratuta eduki beharko dira ezinbestean, eta garajearen eroslea turismo motako ibilagailu baten jabe izan beharko da.

Garaje bakoitzak 15.258,62 euro (BEZ barne) balio ditu eta trastelekuak 3.051,73 euro (BEZ barne). Gehienez bakoitzak bi garaje erosteko aukera izango du, eta trastelekuak nahitaez garaje bati lotuta erosi beharko dira.

Eskaerarekin batera erabilgarri

Garajeak erosteko eskaera udaletxeko harreran egin beharko da. Baina, eskaerarekin batera 1.800 euroko fidantza jarri behar da. Horrekin, garajea eskaera egin denetik erabiltzeko aukera izango da. Gainontzeko ordainketa eskritura publikoarekin batera egingo da, aurtengo abenduaren bigarren hamabostaldian.

Erosgai dauden aparkalekuak Soreasuko lurrazpiko aparkalekuen bigarren solairuan daude. Bertako, 35 bat garaje aparkalekuak eraikitzen hasi zirenean egindako deialdian saldu zituen Udalak. Baina, orduan eskaintza alde zaharrekoentzako eta Soreasu ingurukoentzako bakarrik zabaldu zuen Udalak. Orain, berriz, eskaintza zabalagoa egin dute, herritar guztiei aukera eskainiz.

Hileko edo urteko bonoak

Baina, garajea erosi gabe Soreasuko lurrazpiko aparkalekuan autoa aparkatzeko hilabeteko eta urteko bonoak ere erosi daitezke. Bonoa duten erabiltzaileek txartel berezi bat izango dute aparkalekuetara sartzeko, eta txartel hori eskuratzeko berme moduan 10 euro ordaindu beharko dituzte. Diru hori txartela itzulitakoan berreskuratuko dute. Txartelak udaletxean bertan eskuratu behar dira; harrera bulegoan, hain zuzen ere.

Bonoen aurtengo prezioak honakoak dira: hileko bonoa 50 euro (BEZ barne) eta urtekoa 500 euro (BEZ barne). Prezioak Udalaren zerga ordenantzen bidez eguneratuko dituzte.

Epea luzatzeko aukera

Hileko bonoa dutenek, txartela aparkalekuan bertan kargatzeko edo ordaintzeko aukera izango dute. Beraz, hilabete batean erabili eta beste hilabete batez luzatu nahi izanez gero, aparkalekuetako makinaren bidez egin dezakete hori. Baina, txartela berriro kargatzeko hamar eguneko epea egongo da. Bestela, udaletxean aktibatu beharko diote berriro.

Urteko bonoa egiten dutenek ere txartel berezia edukiko dute. Baina, kasu honetan, beste urtebetez epea luzatzeko eskaera udaletxeko kontuhartzailetzan egin beharko litzateke. Bonoa dutenek autoa bigarren solairuan aparkatu behar dute nahitaez, eta P hizkiarekin edo Pribatu bezala izendatuta ez dauden lekuetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide