Corrugados Lasaoko langile batzordea: "Akordiora iritsi arte greban jarraituko dugu"

Uztarria.eus 2010ko ira. 22a, 14:09

Gaur, asteazkena, mugagabeko greban hasi dira Alfonso Gallardo taldeko Corrugados Lasao enpresako langileak

Lan hitzarmena negoziatzeko mahaia osatu eta adostasun batera iristea da langileek enpresari eskatzen diotena

Iragarri zuten moduan, gaur, asteazkena, hasi dute mugagabeko greba Alfonso Gallardo taldeko Corrugados Lasao enpresako langileek. Hori dela-eta, Uztarria.com-ek enpresako langile batzordearekin hitz egin du.

Zer dela-eta deitu duzue greba?

Garbi dago, 2008tik lan-hitzarmena geldirik dagoela berritu gabe, eta soldatak izoztuta ditugula. Hitzarmena berritzeko, enpresak, 56 ordu gehiago sartzea eskatu digu. Akordiora iristen ez garelako deitu dugu greba.

Noiz arte jarraituko duzue greban?

Mugagabea da, beraz akordiora iritsi arte jarraituko dugu greban.

Negoziazioekin hasteko zuzendaritzak zer baldintza jarri dizkizue?

Negoziazioekin hasi, hasi gara. Atzo eta herenegun bildu ginen zuzendaritzarekin, eta zerbait egin da. Eskatzen diguten baldintzetako batekin sartu egin gara, ordea. Egoera dagoen bezala egonda 56 ordu gehiago zergatik sartu behar ditugu? Gu urtebetean esfortzu hori egiteko prest gaude, baina urte bukaeran lelehengora itzultzeko baldintzarekin.

Nola bizi duzue egoera?

Urduri gaude eta tentsioa dago. Gainera, zoritxarrez, duela hamar urte-edo antzeko esperientzia bizi izan genuen. Hala ere, oraingo egoera desberdina da.

Itxaropentsu al zaudete?

Egia esan, enpresak pauso txiki bat eman du. Guk ahalegina egin dugu, beraiena falta da orain. Negoziatzeko prest daude, baina beraien baldintzekin.

Greba honek produkzioa etengo du. Zer eragin izango du?

Eraginak guztiontzat dira txarrak. Bezeroak galdu daitezke, konfiantza ere bai... Egoera txarra dela badakigu, jabetuta gaude.

Egoera honen aurrean enpresak zer jarrera hartuko duela uste duzue?

Ikusteko dago hori. Jakingo bagenu...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide