Corrugados Lasaoko zuzendaritzak "hitz egiten, negoziatzen, jarraitzeko prest" dagoela adierazi du

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko ira. 23a, 17:09

Enpresak urteko lanaldia 56 ordutan handitzea nahi du, baina soldata igoera ere proposatu du

Lanaldia handitzearen arrazoia "enpresaren lehiakortasuna" lortzean datzala dio zuzendaritzak

Corrugados Lasaoko langileek atzo greba mugagabea hasi zuten, enpresako zuzendaritzak urteko 56 lanordu gehiago sartzea "inposatu" nahi diela-eta. Baina, gaur enpresako zuzendaritzak ohar bidez azaldu duenez, zuzendaritzaren aldetik "negoziazio mahaia ez dago itxita, inor ez da mahaitik jaiki eta ez du inork mahairik utzi". Zuzendaritzaren arabera greba mugagabe batek inola ere ez du akordiorik errazten. Hala ere, enpresa "hitz egiten, negoziatzen, jarraitzeko prest" dagoela azaldu dute. Enpresak urteko lanaldia 56 ordutan handitzea nahi du, baina soldata igoera ere proposatu du; "igoera horrek lanaldia handitzea guztiz konpentsatzen" duela uste du zuzendaritzak.

Enpresaren azkenenengo eskaintza ondorengo puntuetan laburtu du enpresak: batetik, 1.200 euroko igoera oinarrizko soldatan eta 2011 eta 2012 urteetarako aurreko urteko KPI-a. Bestetik, 880 eurora iritsi daitekeen helburuen araberako ordainsari bat, segurtasunari eta absentismoari lotuta. Eta, azkenik, 1.704 orduko lanaldia.

Lanaldia handitzearen arrazoia "enpresaren lehiakortasuna" lortzean datzala dio enpresako zuzendaritzak: "Estatu mailako gure zuzeneko konpetentziak urtean 100 ordu gehiago egiten ditu lan, soldata Corrugados Lasaoko langileek baino %30 baxuagoarekin. Azken finean, lortu nahi duguna enpresaren biziraupena da".

Enpresaren nahia, "lehenbailehen", negoziazioekin jarraitu eta "alde guztientzako akordio egoki bat" lortzea dela esan dute Corrugados Lasaoko zuzendaritzakoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide