Organikoak biltzeko kanpaina egingo dute berriro herrian

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 27a, 12:09

Bosgarren edukiontziaren erabiltzaile izateko izena emateko aukera zabalduko du Urola Erdiko Udal Elkarteak

Ostegunean, ostiralean eta larunbatean bosgarren edukiontzia erabili nahi dutenek izena emateko aukera izango dute

Orain dela bi urte bosgarren edukiontziaren erabiltzaile izateko kanpaina egin zuen Urola Erdiko¡ Udal Elkarteak Azpeitian. Orduan, hondakin organikoak biltzeko edukiontzi marroiak jarri zituzten herrian eta erabiltzeko giltzak eta ontziak banatu zituzten kanpainara gehitu ziren herritarren artean. Orain, berriro ere bosgarren edukiontziaren erabileraren aldeko kanpaina abiatuko du Udal Elkarteak. Beraz, hondakin organikoen edukiontziak erabili nahi dituzten herritarrentzat izena emateko aukera zabalduko dute.

Ostegunean, ostiralean eta larunbatean bosgarren edukiontzia erabili nahi dutenek izena emateko aukera izango dute, Sindikatu Zaharrean. Bertan, hogei minutuko hitzalditxo bat entzun eta edukiontziak irekitzeko giltza, hondakin organikoak etxean biltzeko ontzia eta poltsak jasoko dituzte. Hitzaldiak, ostegunean eta ostiralean 09:30etik 13:00etara eta 17:30etik 20:00etara izango dira, eta larunbatean 10:30etik 13:00etara. Ordu puntuetan euskaraz izango dira eta erdietan gaztelaniaz.

Azpeitian 2008an hasi ziren hondakin organikoak bereizita jasotzen. Egun 478 familiak erabiltzen dute edukiontzi marroia. Orain, berriro martxan jarriko duten kanpainaren helburua bosgarren edukiontziaren erabilera zabaltzea da, "herritar gehiagori hondakin organikoak bereizita botatzeko aukera emanez", diote Udal Elkartekoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide