Aralarrek salatu egin du Txiki eta Otaegi oraindik ez daudela frankismoaren biktima gisa errekonozituak

Uztarria.eus 2010eko irailaren 27a

Memoria historikoaren legearen 10. artikulua bete dadila "exijitzen" dio Espainiako gobernuari

"Beste behin agerian geratzen da biktima desberdinekiko jarrera ezberdinak izan badirela", adierazi du Aralarrek

Gaur, irailak 27, 35 urte bete dira, Francok aginduta, Jon Paredes Manot Txiki zarauztarra eta Angel Otaegi nuarbetarra fusilatu zituztela. Urteurren horrek bat egiten du Espainiako estatuan memoria historikoaren legea onartu zuteneko egunarekin. Orain dela hiru urte onartu zuten aipatutako legea eta, horren harira, Aralarrek salaketa plazaratu du, Txikik eta Otaegik "gaurko egunez oraindik ere biktima bezala errekonozimendurik izan gabe segitzen" dutelako.

Memoria historikoaren legearen 10. artikulua bete dadila "exijitzen" dio Espainiako gobernuari Aralarrek. "Erabat onartezina deritzogu legeak jasotzen ez duena, gero dekretu bidez arautu izana, besteak beste, eurei eta euren familiei errekonozimendu hori ukatzeko", diote.

"Beste behin agerian geratzen da biktima desberdinekiko jarrera ezberdinak izan badirela", adierazi du Aralarrek eta, horren aurrean, "biktima guztiek errekonozimendu maila bera izan dezaten lanean" jarraituko dutela jakinarazi dute aralarkideek, "indarkeriaren biktima guztiek behar dutelako egia, errekonozimendua eta erreparazioa".

Gudari Eguna

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen urteurrenero bezala, gaur ere Gudari Eguna ospatu dute Euskal Herriko hainbat tokitan. Azpeitian, herriko hiru ikastetxetako ikasleek elkarretaratzea egin dute eguerdian. Joan den larunbatean, berriz, Angel Otaegiri urteroko omenaldia eskaini zioten Nuarben.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide