Azpeitiko Udala herrirako Plan Orokor berria egiten ari da azken hilabeteotan. Plan Orokor hori erabaki eta zehazteko bidean, EAJk osatzen duen Udal Gobernuak "ez du herritarren parte-hartzea bultzatu nahi". Horixe salatu du Azpeitiko ezker abertzaleak, prentsa ohar baten bidez. Diotenez, "plan orokorraren prozedurak, parte-hartzeari dagokionez exijitzen dituen gutxienekoak betetzera mugatzen da Udal Gobernua". Halaber, herriko eragileekin osatutako Aholku Batzordea bultzatzeko "behar adina indarrik" egin ez izana ere leporatu diote Udal Gobernuari. Horrez gain, plan orokorraren inguruko erakusketa publikoa ipintzeko erabakia ez duela errespetatu salatu du ezker abertzaleak. "Uztailerako erakusketa publikoa jartzea erabaki zuen, eta hartutako erabakia ez du errespetatu Udal Gobernuak", esan dute.
Horregatik guztiagatik, ezker abertzalekoek Udal Gobernuko kideei zera galdetu diete: "Zergatik ez duzue herritarrek parte hartzea nahi?". Baita "azpeitiarrentzat hain garrantzitsuak" diren erabakiak zergatik hartu nahi dituzten" erdi ezkutuan" ere.
Ezker abertzalearen arabera, "gatazka urbanistikoen ondorioz sortutako arazo legalei konponbidea eman asmoz ari da Udala Plan Orokor berria egiten".
Guztien arteko erabakia
Hirigintzako Antolamendurako Plan Orokor horrek herriko eremuetako proiektuak zehaztuko ditu; "ez dago zalantzarik Azpeitiaren etorkizunerako garrantzitsuak diren erabakiak direla". Horregatik, ezker abertzalekoen ustez, herritarren arteko eztabaida eta parte-hartzea bultzatu behar dira: "herritarren gehiengoak nahiko lukeen etorkizunerako Azpeitia marrazten saiatu behar da". Eta ahalegin eta lan hori Udalak berak egin beharko luke, "zalantzarik gabe", nabarmendu du ezker abertzaleak.