Sarrallekoak berriro zortedun

Uztarria.eus 2010ko urr. 1a, 18:10

Primitiva loterian 140.000 euroko saria tokatu zaie Azpeitiko lantegiko 25 langileri

Orain dela sei urte ere egokitu zitzaien saria; orduan milioi bat euro banatu zuten lankideen artean

Primitiva loteriaren atzoko zozketaren sarietako bat Azpeitian gelditu zen. Hain zuzen ere, Sarralle enpresako altzari metalikoen sekzioko 25 langileren artean banatuko dituzte sariari dagozkion 140.000 euroak. Eta ez da langile talde horrek Primitivaren saria irabazten duen aurreneko aldia. Orain dela sei urte ere egokitu zitzaien saria; orduan milioi bat euro banatu zuten lankideen artean.

"Oso gustura hartu" dute albistea Sarralleko langileek. "Gaur goizean, ostiralero bezala, egunkarian begiratu du lankide batek atzoko zozketaren albistea, eta horrelaxe jakin dugu gure zenbakia saritua izan dela", kontatu dio Uztarriari saridunetako batek. Orain dela sei urteko diru-kopuruarekin alderatuta, xumeagoa da oraingo saria, "baina hala ere oso ondo etorriko da", Sarrallekoen esanetan. "Aspalditik" jokatzen dute 25 lankideek Primitiva, "astero-astero". Bina euro jarri eta "noizean behin afariak egiteko" adina izaten dute normalean. Oraingoan, ordea, "dirua banatu" egingo dute.

Primitiva loteriaren bigarren sarietako bat da Azpeitian egokitu dena. Atzoko zozketan lehen saririk ez zuten banatu. Bigarren sariak, berriz, hiru izan ziren; Azpeitikoaz gain, Zaragozan eta Madrilen botatako boleto banak ere jasoko dute saria.

Erdikaleko Estanko Txikian egin zuten euren apustua Sarralleko langileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide