Frantziskotar bat pantailaren bestaldean

Pako Aristi (Berria) 2010ko urr. 4a, 11:10

Duela hiru urte, mezu bat jaso nuen posta elektronikoan. Topikoari arrazoi emanez, fraide bat zegoen pantailaren bestaldean, eskean: xume-xume bere egitasmoa aurkeztu eta bertan nire parte hartzea eskatzen zidan, tamalez ordaintzeko dirurik ez zuela azpimarratuz. Hori bai, gizalegea erakutsiz, bazkaltzera gonbidatzeko prest zegoen Arantzazun. Fraide batekin bazkaltzea ez zitzaidan planik erakargarriena iruditzen, eta laster erabaki nuen ez ninduela harrapatuko mahaiaren bueltan. Haren eskaera gaizki-ulertu batean oinarritua egon zitekeela ere otu zitzaidan: organojolea naizenez, fededuntzat hartu izango ninduen. Ez ote dut nahiko ozen aldarrikatu oraindik ateoa, anarkoa eta antiautoritarioa naizela!

Proposatzen zidan gaia ere ez zen sufestak botatzeko modukoa: Jainkoa! Horrela, bere lehortasun guztiarekin. Sekulako pereza sentitu nuen nire baitan ez dagoen kontzeptu bati buruz pentsatzen hasteko, zergatik ez dagoen nire baitan esplikatzeko besterik ez bazen ere. Baina zerbaiten eskean datorren jendea atenditzea gustatzen zait, neu ere askotan joan naizelako besteengana eskean, elkarrizketa bat, aholku bat, informazio bat, kondoi bat... Alor horretan sinesten dut geure buruari zor diogun justizia bat erabili behar dugula bizitzak jartzen dizkigun egoera guztien aurrean. Beharra izan dudanean besteen kooperazioa hainbeste eskertu baldin badut, fraidetxo honek ere merezi zuen erantzutea!

Halere, ez zen erraza. Hitzak neurtu beharko nituen, bestela, barruan sentitzen nuena askatasun osoz idazten banuen, mindu egingo baitzen. Esan nezakeen guztia fraide honen bizitzaren oinarria osatzen zuen eraikuntza dogmatiko eta intelektualaren aurka baitzihoan! Errezelo bat ere piztu zitzaidan beste hainbat euskal idazlek baiezkoa eman ziotela, eta haien izenak bota zizkidanean. Nik banekien idazle haiek ezkertiarrak eta agnostikoak zirela, eta ez zirela lausenguzkoak izango prezixo haien hitzak.

Tipo honek ez ditu oso hitz goxoak jasoko; zergatik sartu ote da nahas-mahats honetan? Masokista izan zitekeen. Edo garai bateko misiolarien martiri-arima zeukan, sufrikario guztiak pairatzen lagunduko ziona, gu, idazle ateoak, nolan edo halan, kristautu bitartean. Edo okerrago: Eliza hondorabidean dihoa, gizartean presentzia galtzen, eta fraide hauek edozer gauza egingo lukete Elizari berriro publizitatea ematearren, horretarako bere aurka hitz egiten dutenen ahotan jarri behar badute ere. Noizbait boterea eduki duen edonoren sindromea da.

Halere, hogeita hamar urtez lo egondako gai bat berpiztu zuen niregan: gogoeta eginarazi zidan, eta hori zinez maite dut. Idatzi egin nion testua, Jainkoan baino gehiago traszendentzian kokatuz nire pentsamenduen mamia.

Biziki eskertu zidan lana, irakurritakoa oso interesgarria zitzaiola gaineratuz. Arantzazuko sermoi batean ere irakurri zituen nire hitzak, justu urrestiltarrak erromes joan ziren igandean. Apropos egingo zuen. Gure ama mezatan zegoen, eta egundoko sustoa hartu zuen leku sakratu hartan bere semearen hitz heretikoak entzutean. Taldean zeramaten moja bat bidali zuen sakristiara fraideari galdetzera ea nire hitzak ontzat edo txartzat hartzen zituen. Ontzat irakurri zituela izan zen erantzuna; beraz, oraindik herentziaren itxaropena mantentzen dut.

Liburu eder bat apailatu zuen bildutako testuekin, Jainkoaz galdezka, eta hainbat egunkaritan artikuluak idazten hasi zen, euskal literatura garaikidean Jainkoak zeukan lekua aztertuz, euskal idazleon garapen espirituala agertuz eta traszendentziaren ideiak gure orrietan zeukan presentzia erreskatatuz. Ekimen bitxiagorik ere egin zuen: Edorta Jimenezekin bildu eta elkarren arteko hika-mika metafisikoa eskaini zitzaigun beste liburu batean. Edortarekin ausartu bada, pentsatu nuen, tipo hau ez da edonor. Ez Edorta otso bat delako, inondik inora, fraidea ideien lehiara lerratu zelako baizik, ideien inposaketa bazterturik. Karrera baten autoritateaz biluztu eta ideia ezberdinen errespetura iragan zelako. Euskal literaturaren ikerketari oso aportazio interesgarria egiteaz at, beste era bateko pausoak eman nahia sumatzen zitzaiolako.

Iaz ezagutu nuen bere jarreraren erabateko neurria zein zen, hitzaldi baten erdian. Zumaiako Gune taldekoen izenean nire bilakaera espiritualari buruz hitzaldi bat ematera gonbidatu ninduen fraideak. Berriro ere zalantza piztu zitzaidan, konplexu oker baten ondorio: uste dugu gai baten inguruan aditu bihurtzen direnei zer esanik ez daukagula, zer erakutsirik, zer iradokiturik. Mundu akademikoak sinetsarazi digun gezur bat da, gure adimen propioa erdeinatzen erakutsi baitigu memorizatu ditzakegun datuen mesedetan.

Baina joatea erabaki nuen, gauzak jakitetik jakintsu izatera dagoen aldea ezagutu baitut azken urteotan. Norberaren esperientzia kontatzea da jakinduriaren hastapena. Egia, zerbait izatekotan, beti da indibiduala, kolektiboa denean doktrina bihurtzen baita.

Hitzaldi hartan ezagutu nuen fraidea aurrez aurre. Apunteak hartzen egon zen nire hizketaldi osoan, nire harridurarako, bai bainekien teologia erakusten zuela Deustun. Une batean aipatu nuen egun hartan jendeak nola okertu zidan aurpegia, hitzaldi espiritual bat ematera nindoala esan ondoren. Fraideak eskua jaso zuen: "Zer uste duzu esango zidatela niri fraidekideek Pako Aristiren hitzaldi espiritual batera nentorrela esan banie?".

Leizea, arrakala, Elizaren eta gizartearen artean. Espiritualtasun askearen eta dogmatikoaren artean. Pertsonari heldutasuna dakarkion gogoeta batetik, eta heldutasuna mugatzen eta kamusten dion obediketa bestetik. Horra fraideari min ematen zion ebakia.

Geroztik oso ospetsu egin da fraidea. Salto egin du pitzaduraren erdira, eta han berak uste baino lagun gehiago aurkitu ditu. Fraide izateari ere utzi egin dio. "Ongi etorri disidenteon elkartera", esan nion. "Ez dakit merezi dudan", erantzun zidan. Berdin dio merezimenduak, erruak, gure balore ttattar guztiek. Bizitzaren edertasun guztia daukazu orain begien aurrean. Ongi etorri zelibatoa bete beharrik ez dagoen mundu berrira, Joxe Arregi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide