Jabi Agirre espetxez aldatu dute

Uztarria.eus 2010ko urr. 8a, 14:10

Sevilla II espetxera eraman dute azpeitiarra

Azpeititik 886 kilometrora dago Sevilla II kartzela

Jabi Agirre preso azpeitiarra Ocaña (Toledo, Espainia) espetxean zegoen 2009az geroztik, baina aste honetan Sevilla II (Andaluzia, Espainia) espetxera eraman dute. Lehen herritik 484 kilometrora baldin bazegoen, orain 886ra. Horren aurrean Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez, "dispertsioaren atzaparrek ez dute etenik eta euskal preso politikoen espetxe aldaketak etengabeak ari dira izaten". Presoak "urruntzen eta isolatzen" ari direla ere esan du Azpeitiko AAMk, eta "Espainiar estatuak Euskal Herrian garatzen ari den ziklo politikoari beldur dionez, etengabe oztopoak jartzen jarraituko du preso polikoak jo puntu nagusi izanda", gaineratu du.

Egoera horren aurrean Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak "elkartasun eta babesik beroena" eskaini die Azpeitiko preso eta iheslari zein hauen senideei.

2003ko urtarrilaren 17an atxilotu zuten Agirre, Bourges herrian (Frantzia), Xabier Etxeberria azpeitiarrarekin batera. ETAko kideak izatea egotzi zieten biei ala biei.

Agirrek 2001.urteko urrian aldegin zuen Azpeititik, eta ETAko talde bati laguntzea eta etxean armak edukitzea leporatu zion Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak.

Bi urte geroago, 2003.urteko urtarrilean atxilotu zuten, Frantzian. 2008. urteko azaroaren 8an bete zuen Frantziako Justiziak 2004an ezarri zion zortzi urteko kartzela zigorra.

Espetxetik espetxera

Bai Frantzian eta bai Espainian hainbat espetxetan eduki dute azpeiatiarra preso: Frantzian, besteak beste, Fleuryn, La Santen, Moulinsen, Fresnesen eta Poisin. Espainiaratu zutenean Soto del Realen sartu zuten preso, eta ordutik Aranjuez eta Ocaña I kartzeletan eduki dute giltzapean. Orain, ordea, Azpeititik 886 kilometrotara dagoen Sevilla II espetxera eraman dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide