"ETA da euskaldunon elkarbizitza mehatxatzen jarraitzen duen talde terrorista bakarra, beste talde terrorista batzuk iraganeko kontuak dira".
Hala onartu du PNVk Azpeitiko udalean, Azaroaren 10a "memoriaren eguna" bezala izendatuz PP eta PSOErekin adostutako mozioan. Estatuko indar militarrek erabiltzen duten indarkeriari aipamenik ez zaio egiten, beraz guardia zibilaren eskuetan erahildako 119 herritar ez dira biktimak, Meliton Manzanos eta Carrero Blanco biktimak dira baina Txiki eta Otaegi, edo Kurro eta Pelitxo ez. Espetxe politikak azken hamarkadetan erahildako 22 euskal preso politikoak eta bisitara bidean istripuz hildako 16 senideak ere ez. Eta azken berrogeitamar urteotan testigantza izugarriak utzi dituzten torturatutako 7000 lagunak ere ez.
Eta hauek iraganeko kontuak direla dioten bitartean Jon Anzaren desagerketa eta hilketaren inguruko gertaera ilunak bizitu ditugu urte honetan. Irailetik hona 32 lagun atxilotu eta 24k torturak salatu dituzte testigantza gogorrak utziz.
1960tik 2010era 474 lagun hil dira errepresioaren ondorioz, kontroletan, komisaldegietan, manifestazioetan, dispertsioak eragindako istripuetan, gerra zikinaren ondorioz, etab. PNVk udalbatzan esandakoaren arabera indarkeria hau ez da bestearekin "parekagarria", ondorioz mozio honetatik kanpo gelditzea zilegi ikusten dute.
Estatu espainiarrak atxiloketa, operazio polizial, inkomunikazio eta torturekin jarraitzen du. Beldurra da lan politikoa egiteagatik atxilotua eta torturatua izateko arriskuan daudenek sentitzen dutena, atzetik kalez jantzitako poliziekin bizi direnek sentitzen dutena, egun batean 1000 km-ko bidea egitean kotxe istripu baten arriskuak sortzen duena, goizeko 3tan armaz josita atea botaz etxean sartzen diren poliziek eragiten dutena edo lagun edo senide bat inkomunikatuta dutenek sentitzen dutena. Beldurrak aurpegi asko ditu gure herrian eta hau orainaldiko kontua da.
Mozio horretan Euskal herrian bizi dugun gatazkari izaera politikoa ukatzen zaio. PP eta PSOE biktimen gaia erabiltzen ari dira gatazkaren erroetara joatea ekidin eta herri honen sufrimendua betikotzeko. Eta kezkagarria iruditzen zaigu PNV indar politiko hauekin lerrokatuta ikustea.
Gure ustez biktimen aferari egin beharreko ekarpenik premiazkoena, garrantzitsuena, biktima gehiago ez egoteko bideak urratzea da. Ildo horretan aurrera egiteko hainbat talde politiko, sindikatu eta gizarte eragilek Gernikako akordioa sinatu dugu. Besteak beste bertan biktima guztien errekonozimendua eta herritarren arteko errekonziliazioa bultzatu nahi da. Gatazka politikoari konponbidea modu elkarrizketatuan ematea aldarrikatzen dugu, inolako indarkeriarik gabe eta herritar ororen eskubide guztiak errespetatuz. Proeiktu politiko guztiak gauzagarriak izango diren egoera demokratiko batetara eraman nahi dugu Euskal Herria.
Honela ezker abertzaletik Gernikako akordioan hartutako konpromezuetan berresten gara, bertako edukiak abian den prozesu demokratikoarekin aurrera egiteko oinarria izanik oraindik ez dauden eragile eta alderdiei (PNV barne) bertara bildu eta elkarlanerako deia luzatzen diegu.