Gizatasunik ez Osakidetzan

Rakel Lizarralde 2010ko aza. 12a, 16:11

Bederatzi urte daramatzat minbiziaren aurka borrokan. Nire bularra fibroquistico-a da, urtero azterketa medikoak egitera behartzen nauena, eta neure kabuz sarritan ukitzera ere bai. Abuztuaren 24an, izututa, lau zentimetroko koskor berri bat aurkitu nuen. Ikaratuta, Osakidetzako ginekologoaren zitarako bi hilabete itxoin beharko nituela eta, Donostiako Zentru Onkologikora jo nuen, non likidoa atera zidaten ikertzeko. Emaitza lasaigarria izan zen, baina ondoren hasi zen nire gurutzbidea.

Osakidetzako protokoloa errespetatu ez nuenez, familiako medikuarengana joan nintzen, eta oztopoak jarri zituen arren, tematu egin nintzen eta beharrezko nuen bolantea eman egin zidan. Ondoren Osakidetzako ikuskatzailearengana joan nintzen, Eskarne Zubero anderearengana, zeinak uko egin zion erabat sinatzeari, hura nire kapritxo bat izan zela adieraziz. Astebete geroago berriro joan nintzen bere bulegora, Onkologikoko txostenarekin, eta berriro uko egin zion sinatzeari.

Gure aitak minbizia sufritu zuen; nire ahizpa bati bular bat kendu zioten. Ikertzen ari dira ea minbizia herentziazko gaixotasuna izan litekeen edo ez. Onkologikoan beti azpimarratu izan didate susmorik txikiena izanez gero, joateko agudo ikerketak egitera.

Badakit osasun zerbitzuen artean ekinbide protokolo bat dagoela, baina ez dut onartzen burokrazia gaixoaren egoera pertsonalaren gainetik jartzea eta hain estu betearaztea. Nire protestak ez dauka zerikusirik ikerketan xahutu nuen diruarekin, 143,60 euro besterik ez baitzitzaidan kostatu, baizik eta zerbitzu publiko bateko ikuskatzaile batek agertu duen jarrerarekin, horrela ez baitio zerbitzu handirik eskaintzen publikoari. Legeek egon behar lukete gizakiaren zerbitzuan, eta ez alderantziz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide