Datorren urteko Kilometroak Azpeitian izango da, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta. 2011ko Kilometroetako logotipoa eta leloa aurkezteko ekitaldia ostiral honetan izango da, 19:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Logoa eta leloa aurkezteaz gainera, Kilometroetako arropa aukeraren desfilea ere izango da pilotalekuan, eta baita beste hainbat sorpresa ere. Sarrera doan da, eta herritar guztientzako frontoiko ateak zabalik izango dira. Ekitaldia ordubete ingurukoa izango da.
Ondoren, eta ostiraleko jaia borobiltzeko azoka plazan herri afaria antolatu dute, 21:00etatik aurrera. Jatekoa norberak eraman beharko du eta bertan edaria, postrea eta kafea hartzeko aukera eskainiko dute. Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak bai herritarrak eta baita bailarako jendea ere bertan parte hartzera animatu ditu.
Larunbatetik arropa denda zabalik
Larunbatetik aurrera, berriz, 2011ko Kilometroetako arropa denda zabalduko dute Azpeitian. Denda Foru Ibilbidean egongo da, Artzubia tabernaren ondoko lokal batean. Astelehenetan itxita egongo da. Gainontzeko egunetan, asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.