Azpeitiko EA ere bat dator Plan Nagusiko erredaktore lanarekin

Urola Kostako Hitza 2010ko aza. 24a, 11:11

EAren ustez, "erabakiak hitzarmen bidez hartu behar dira, ez sententzia bidez"

EAJ eta EA herriko Plan Orokorraren "oinarrizko irizpideekin ados" daude, bakoitza bere aldetik

Azpeitiko EAJren Uri Buru Batzarrak bilera egin zuen joan den asteartean. Bertan, Azpeitiko Hiri Antolamenduaren Plan Nagusiaren oinarrian dauden irizpideak aho batez ontzat ematea onartu zuten.

Azpeitiko EAko herri batzordea ere bat dator Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazten edo egiten ari den taldearekin. Hala adierazi dute kaleratu berri duten idatzian.

Plan orokorreko "gai izarrak" Corrugados Azpeitia enpresa dagoen eremuko eta Esklabetako lurretako egitasmoak edo planak direla azaldu dute EAkoek. Herriko planaren talde erredaktoreak bi lur eremu horietarako antolamendu planak "bateragarriak" izateko eran azaldu dituela zehaztu du EAk. "Horixe da EAk defendatzen zuena, duena eta defendatuko duena. Bi lur eremuhorietarako egitasmoek ez dute zertan bat bestearekin baztertzaileak izan", dio EAk. Ezer baino lehen, Azpeitirako hirigintza "antolamendu zuzena" nahi dutela gaineratu dute.

Herriko EAren batzordearen ustez, herriaren antolamendu planak eragiten dien alde guztiekin lan egin beharra dago; "bada horretarako ordua». Era berean, auzibidean dauden salaketa guztiak erretiratu eta akordio bidez hartu behar dira erabakiak. "Erabakiak hitzarmen bidez hartu behar dira, eta ez sententzia bidez", zehaztu dute.

EAk, ordea, ez du orain arte egindako urratsen berri eman nahi izan, ezta gaur egun kontuak nola dauden azaldu ere. "Bake urbanistikoa bermatzen duen gutxieneko adostasuna ematen den garaian azalduko ditugu azaldu beharrekoak: hau da, orain arte emandako pausoak eta ematen ari garenak", adierazi dute.

Hiru zutabe eztabaidagai

Agintaldi honetan herriko Antolamenduaren Plan Orokorrari buruz prentsan iritzia ematen duten aurreneko aldia dela nabarmendu dute EAkoek: "Orain arte ez diegu erantzun gure kontrako salaketei, eta ezta adierazpen alderdikoiei ere. Prentsaren bidez eztabaidatzea ez da gure asmoa".

"Hiru zutabe nagusiren inguruan ados jartzeko" alde guztiekin hitz egiteko prest daudela eta lanean segitzeko ateak zabalduta mantentzen dituztela azaldu dute EAkoek. EAk zehazten dituen hiru zutabeak hauek dira: "Hirigintza antolamendu zuzena; auzibidean dauden auzi guztiak atzera bota eta akordio bidez hitzarmenera iristea; eta Azpeitian etxebizitzaren prezioan eragin ahal izateko Azpeitiko Udalak hirigintza arloan nahikoa ondare izatea".

Beti defendatu dituzten hirigintza egitasmoak sostengatuz, "ilusioz" eta "isilik" lanean segituko dutela ere azaldu dute Azpeitiko EA alderdiko kideek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide