Kultur Mahaia, aurrerapausoak ematen segitzeko indartsu

Kultur Mahaiaren batzarra abenduaren 1ean, Sanagustin kulturgunean.

Kultur Mahaiak abenduaren 1ean egin zuen urteko azkeneko batzarra, eta aurtengo balorazio txostena eta 2011ko plangintza eta aurrekontua onartu zituen. Datorren urteko helburuak: Sanagustinen hasiera finkatzea, lapikue.net kultur weba hobetzea, bazkide gehiago lortzea, kultur egutegiko irizpideak gauzatzen hastea, II. Kulturaldia antolatzea...

Azpeitiko Kultur Mahaiak abenduaren 1ean egin zuen urteko azkeneko batzarra —Sanagustin kulturgunean—, eta aurtengo balorazio txostena eta 2011ko plangintza eta aurrekontua "ontzat jo" zituen. Aurtengo urtean "urratsak egin" direla, eta "aurrerantzean ere aurrerapausoak" ematen segituko dutela dio herriko kultur bilguneak.

2010eko balorazioa

- Sanagustin irekitzear. Sanagustin kulturguneak abenduaren 11n zabalduko ditu ateak. "Oso azpiegitura garrantzitsua izango da denontzat", diuo Kultur Mahaiak. Urte hauetan Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean jardun dute: ekipamenduaren alorrean, hurrengo aste eta hilabeteetako ekimenak antolatzen... "Emaitzak lortu dira".

- Bazkide kanpaina. Bazkideak lortzen ari da Mahaia, kultur mugimenduari “gorputz sozial handiagoa emateko”. Lehen fasean —2010ean—, taldeetako kideen artean egin du kanpaina, eta “helburua lortuta” dago: 100 bazkide. Sanagustin irekitzean, kanpaina herritarrengana zabalduko dute.

- Udalaren diru laguntza. 2009an bezala, 2010ean ere 12.000 euroko diru laguntza eman dio Udalak Kultur Mahaiari. Iaz, Gipuzkoako Foru Aldunditik —2.000 euro— eta Eusko Jaurlaritzatik —1.800 euro— laguntza jaso zuten weberako; 2010eko erantzunen zain dago Kultur Mahaia.

- Eskuko kultur agenda. Urrian hileroko eskuko kultur agenda sortu zuen Mahaiak. Hilerokoa da, mila aleko tirada du.

- I. Kulturaldia antolatu du aurten. Abenduaren 11n, 17an eta 19an izango dira azken ekimenak.

2011ko plangintzako ardatzak

- Sanagustineko trantsizio epea prestatuta. Abenduaren 11n irekiko da, eta lehen hilabeteetan, egitarau zabala prestatzeaz gain, kulturgunearen funtzionamendua finkatu, gabeziei-eta irtenbidea eman…

- Soreasu. Irekitzean, lankidetza eta sinergien optimizazioa aztertu. Maiatz aldera irekiko du Soreasuko areto nagusia Udalak; zinemakoa. "Ondorioz, Soreasu irekitzean, aztertu harekin kultur egutegi eta ekitaldi aldetik lankidetza nola burutu, eta Sanagustinen eta bien arteko sinergien optimizazioa ere aztertu".

- Lapikue.net kultur weba hobetzeko plana gauzatu. 2009ko abenduaren 18an sortu zuen Mahaiak lapikue.net kultur weba. Hobetzeko plan bat gauzatzen ari dira orain: diseinua, atal berriak, weba denentzat erabilerrazagoa egin, zuzeneko emanaldiak eskaintzen hasi, kultur taldeentzat barne atala ireki… Lehen emaitzak datozen asteetan izango dira.

- Eskuko kultur agendarekin segitu.

- Kultur eskaintza orekatua lortzeko egutegiko irizpideak finkatzen hasi. Oreka kultur espresio edo disziplina aldetik, herriko espazio aldetik, egutegi aldetik…

- II. Kulturaldia antolatu.

2011ko aurrekontua

Aipatutako egitasmoa oinarri hartuta, 2011rako honako aurrekontua du Kultur Mahaiak.

- Gastuak. 19.122 euro.

- Sarrerak. 19.000 euro.

Azpeitiko kultur Talde denek (25ek), lau udal taldeek, udal kultur teknikariak, norbanako batzuek eta Mahaiko teknikariak osatzen dute Kultur Mahaia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide