102.654 euro bideratuko ditu Udalak garapen bidean dauden herrialdeetara

Urola Kostako Hitza 2010ko abe. 9a, 12:12

Erdialdeko eta Hego Amerikarako izango da diru-laguntza handiena

Afrika eta Asiara ere bidaliko dute

Azpeitiko Udalak 102.654 euro bideratuko ditu garapen bidean dauden herrialdeetako proiektuetarako. 1994an hasi zen Azpeitiko Udala garapen bidean dauden herrialdeak diruz laguntzen. Orduan, 6.000 euroko laguntza eman zuen. Gaur egun, aurrekontuaren %0,7 bideratzen da proiektu horietara.

Latinoamerikara

Diru kopuru horren zatirik handiena Erdialdeko Amerikara eta Hego Amerikako herrialdeetara bideratuko du. Hala, Ekuadorren 100 haurrentzat tokia duen haurtzaindegi bat berritzeko 11.016 euro emango du.

Bolivian bi proiektutan lagunduko du: batetik, Beniko baserritar indigenentzat lur komunitarioen titulazioa lortzera 5.508 euro bideratuko da eta, bestetik, 166 ikaslerentzat ikastetxera joateko arropetarako 10.402 euroko diru-laguntza emango du.

Ekuadorren eskolatik urrun bizi diren haurrentzako barnetegia eraikitzeko lanetan lagunduko du Azpeitiko Udalak, 11.016 eurorekin. El Salvadorren, Suchiton, hamar komunitatetako emakumeen bizi-baldintzak hobetzera bideratuko dira 11.016 euro. Venezuelako komunitate indigenetako gazteen hezkuntzarako 4.590 euro emango da, eta Nikaraguan bi gela eraikitzeko 11.016 euro. Haitiko izurriteek eragindako kalteei aurre egiteko 6.000 euro bidaliko du Udalak.

Afrika eta Asiara

Afrikan Ruandara bidaliko da 5.508 euro, unibertsitatera joateko laguntza bezala eta beste 8.152 euro bideratuko dute lau etxetxo eraiki ahal izateko.

Bestetik, Afrika erdialdeko Bangassou Errepublikarekin garapenerako lankidetza sendotzeko bideak irekiko dira komunikazioaren hobekuntzaren bitartez, eta horretarako 11.016 euro bidaliko dute.

Mendebaldeko Saharara ere bideratuko dute dirua; zehazki, ordenagailu gelan Interneterako seinalearen mantenurako 5.578 euro bidaliko dute.

Azkenik, Asian, Indiara bideratuko dira 1.836 euro talasemia eta hiesa duten haurren tratamendu medikua ordaintzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide