Sanagustin "azpeitiarrentzat erreferentzia" izango delakoan dago Hamaikabat

Uztarria.eus 2010ko abe. 9a, 13:12

Kulturgunea larunbatean irekiko dela-eta "ospatzeko eguna" izango da, alderdi haren ustez

Sanagustinen kudeaketak "Udalaren eta Kultur Mahaiaren arteko errespetuan oinarritu behar du"

Udalak eta Kultur Mahaiak Sanagustin kulturgunea larunbat honetan irekiko dutela-eta hori "ospatzeko eguna" da, Hamaikabat alderdiaren ustez. "Urte luze hauetan azpeitiarrok ez dugu antolatzen diren ekitaldiak ikusteko gune duinik izan. Sanagustin enparantzan egotea oso garrantzitsua da alde zaharrari bultzada emateko". Hala, larunbatetik aurrera Sanagustin "azpeitiarrentzat erreferentzia" izango da, Hamaikabatek dioenez. "Azpeitiak aspalditik behar zuen halako kultur gunea".

Sanagustinen irekiera "lortzeko bide luze honetan lan egin duten udal talde desberdinak zoriondu" ditu Hamaikabatek. Halaber, "oso modu positiboan baloratzen du Kultur Mahaia, Azpeitiko kultur talde desberdinak elkartzeko eta koordinatzeko gune eta ideiak eta proposamenak mahairatzeko leku bezala".

Kulturgunearen kudeaketak "Udalaren eta Kultur Mahaiaren arteko errespetuan oinarritu behar du, Sanagustinek osasun ona izan dezan". Kulturguneak "konfliktorako" ez duela izan behar dio, eta "politikatik isolatuta" egon behar duela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide