Sanagustin "herriko kultur mugimenduaren garaipen handia" dela dio ezker abertzaleak

Uztarria.eus 2010ko abe. 10a, 21:12

"Ahotan horren erraz erabili ohi den parte-hartze hori praktikan jartzeko aukera eman behar du" kulturgune berriak

Sanagustin "tresna bat da", eta "kultura aktiboa, irekia eta zabala" helburua, ezker abertzalearentzat

Aurrekoan Hamaikabatek bezala, Azpeitiko ezker abertzaleak ere Sanagustin kulturgunearen irekieraz balorazioa egin du. "Lortu dugu: Azpeitiak bere kultur gunea izango du azkenean!" esanez ekin dio balorazio horri ezker abertzaleak. Haientzat, Sanagustinen irekiera "herriko kultur mugimenduaren garaipen handia izan da", eta une honetan "ospatu eta herriari zorionak ematea tokatzen da".

Abenduaren 11k, Sanagustinen irekieraren datak, "aldi berri baten hasiera marka dezakeelakoan" daude herriko ezker abertzalean. "Sanagustin hamarkadetako hutsune eta gabezia handia betetzera" datorrela ekarri nahi dute gogora. Kultur Etxearen eskaera "historikoa" ere bai: "Kultur Etxea eskaera historikoa izan da Azpeitiko herri mugimenduarentzat, eta ezker abertzalearen kultur jardunaren lehentasunen artean egon da eta dago herria kultur azpiegituraz hornitzea".

Sanagustin azpeitiarrentzat "oinarrizko kultur bilgune bat" bezala ikusten du ezker abertzaleak, "Kultur Mahaiaren, Udalaren eta hainbat herritarren ahaleginari esker" lortu dena. Udalaren eta herriko kultur mugimenduaren ahalegin bateratzea nabarmendu nahi dute ezker abertzaletik. "Uste dugu horretan zerikusi handia izan duela herri mugimendu antolatuaren urteetako dinamikak eta borrokak (Uztarria, Gaztetxea, Kale Gorrian...), eta ezker abertzaleak zuzendutako udaletxeak Azpeitira ekarri duen kultura politikoaren aldaketa garrantzitsuak", diote.

Eredu parte-hartzailearen emaitza

Sanagustin irekitzea "beti defenditu izan" duten "eredu parte-hartzailearen emaitza dela" uste du ezker abertzaleak. Halere, Sanagustin "tresna bat da", eta "kultura aktiboa, irekia eta zabala" helburua, ezker abertzalearentzat. "Eredu parte-hartzaile horren onurak erakusteko lantegia izan behar du inondik ere -Sanagustinek-. Hemendik aurrera gure herriko kulturgintzak erronka handi bati egin beharko dio aurre. Ahotan horren erraz erabili ohi den parte-hartze hori praktikan jartzeko aukera eman behar du Sanagustinek", diote. Eta bi osagai ezinbesteko ikusten ditu bide horretan ezker abertzaleak: "Herriko kultur mugimendua eta, horrenbestez, Kultur Mahaia bizirik eta indartsu mantentzea", batetik, eta "kultur bizitzan herritarren konpromisoa eta parte-hartze zuzena", bestetik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide