Gallardok Brasilgo CSNri salduko dizkio Azpeitiko bi lantegiak

Uztarria.eus 2010ko abe. 11a, 13:12

Salmenta 2011 hasieran izango litzateke behin betikoa

2005eko maiatzean erosi zizkion Alfonso Gallardo Taldeak Azpeitiko eta Lasaoko lantegiak Arcelor-i

Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao lantegiek jabe berria izango dute aurrerantzean. Alfonso Gallargo Taldeak, orain arteko jabeak, Brasilgo Companhia Siderurgica Nacional (CSN) taldearekin akordioa lortu du, Azpeitiko bi lantegiak eta Badajozeko (Extremadura, Espainia) Balboa zementu lantegia saltzeko. Salmenta 2011 hasieran izango litzateke behin betikoa.

Gallardok 2005eko maiatzean erosi zizkion Azpeitiko eta Lasaoko lantegiak Arcelor taldeari. Bost urte pasa Azpeitiko enpresarik handiena denaren gidaritza izan ondoren, orain saltzea erabaki du, krisiari aurre egiteko helburuarekin, antza denez.

CSN Brasilgo siderurgia talderik handiena da, eta Hego Amerikako handienetakoa. Brasildik kanpo beste bi lantegi zituen orain arte, AEBetan bata eta Portugalen bestea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide