Ekimen ugari antolatu du Bertan Merkatari Elkarteak Gabonetako kanpainarako

Urola Kostako Hitza 2010ko abe. 13a, 19:12

Gabonetako argiak piztu dituzte jada, Santa Luzia egunarekin. Argazkian, Erdikalekoak.

Bezeroentzako zozketak eta haurrentzako eta gaztetxoentzako hainbat jarduera izango dira Gabon garaian

Erosketen erosotasunerako, abenduaren 20tik urtarrilaren 10a bitartean Soreasuko aparkalekuko egonaldiak doakoak izango dira 09:00etatik 21:00etara

Gabonak gertu direla eta, Bertan Merkatari Elkarteak hainbat ekimen antolatu ditu egun hauetarko Udalaren laguntzarekin. Udaleko Merkataritza zinegotzi Joxe Urbistondok adierazi duenez, ekimen hauen helburua "merkatari giroa bultzatzea eta berotzea" da.

Gabonetako denboraldia zabaltzeko, argiak piztu dituzte gaur kaleetan, "krisiaren itzalak uxatzeko", hain zuzen, Urbistondoren hitzetan. Bertan Merkatari Elkarteko teknikari IƱigo Amianok azaldu du argiak kontsumo baxukoak direla eta energia aurreztuko dela.

Bezeroentzat bada saririk

Gabon garaian Bertan Elkarteko bezeroen artean 3.000 euro zozketatuko dituzte. 500 euroko bi sari, 200 euroko bost sari eta ehun euroko hamar sari banatuko dituzte. Gaur bertan egin dute lehena: 200 euroko saria Farmazabal parafarmaziako bezero batentzat izan da eta 100 euroko hiru sariak Amenabar Elikadura, Sugoi Delicatessen eta Mina mertzeriako bezeroentzat. Datozen zozketak abenduaren 20an eta 27an eta urtarrilaren 3an izango dira. Sariak, ordea, ez dituzte dirutan emango, elkarteko dendetan gastatzeko erosketa txekeetan baizik.

Bestalde, zehazki zer oparitu ez dakiten haientzat, opari txekeak prestatuko ditu Bertanek. Horiek jasotzeko Bertanek Erdikalean duen bulegora joan beharko da goizez 09:00etatik 13:00etara edo dendetan galdetu beharko da.

Haur eta gazteentzako

Iraurgi SBren laguntzarekin 3x3 saskibaloi txapelketa ere antolatu du Bertanek. Abenduaren 23an izango da Betharrameko atarian, 09:30etik aurrera. Ikastetxeetako ikasleek abenduaren 17a bitartean eman dezakete izena.

Bestetik, abenduaren 24an gabon kanta eta jaiotza txapelketa egingo da azken urteetan bezala. 12:30ean Sanagustinen izango da hitzordua; bertan, 6 eta 12 urte arteko gaztetxoek parte har dezakete, hiru eta bost kide arteko taldeak osatu, kantu bat abestu eta jaiotzarekin agertuta. Musika Eskolako bi kide izango dira epaimahaikide. Irabazleei 100 euro emango zaizkie eta bigarren eta hirugarren egiten dutenei 50 euro; parte hartzen duten guztiei emango zaie, ordea, saritxoa.

Umeen parkea ere zabalik izango da abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara. 10 urtez azpikoentzat izango da eta sarrera 2 euro kostatuko da.

Aparkalekua doan

Erosketen erosotasunerako, abenduaren 20tik urtarrilaren 10a bitartean Soreasuko aparkalekuko egonaldiak doakoak izango dira 09:00etatik 21:00etara, ordutegi komertzialean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide