X. San Silbestre lasterketan txip horia erabili ahalko da aurten

Uztarria.eus 2010ko abe. 15a, 11:12

Leire Ventas Urola Kostako Hitzako zuzendaria, Julian Kortajarena Azpeitiko Udaleko kirol zinegotzia, Agustin Jimenez Xeye taldeko kidea eta Mikel Oña Afegi federazioko gerentea.

Antolatzaileek, Xeye Atletismo Elkarteko kideek, aurtengo ediziorako zenbait "moldaketa" egin dute

Ohiko lekuez gain, www.kirolprobak.com taldearen webgunean eman daiteke izena

Urteari amaiera emateko, ohi bezala, San Silbestre lasterketa egingo dute Azpeitiko kaleetan zehar hilaren 31ean. Xeye Azkoitiko eta Azpeitiko Atletismo taldeak antolatu du proba hamargarren aldiz, Azpeitiko Udalaren babesarekin, Urola Kostako Hitza-ri laguntza emateko asmoz. Hala, "parte-hartze herrikoia" bultzatzea helburu izanda, "urtea korrika eta euskal prentsaren alde" bukatzeko gonbita egin die herritarrei egunkariko zuzendari Leire Ventasek.

Antolatzaileek eta babesleek herenegun eman zuten prentsaurrekoan adierazi zutenez, aurtengo lasterketak "aldaketa nabarmenik ez" duen arren, hainbat "moldaketa" egin dute. Xeye taldeko kide Agustin Jimenezek azaldu zuenez, aurtengo aldaketa nabarmenetarikoa txip horiaren erabilera da. Afedegi Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkarteak kronometratutako probetan parte hartzeko aukera ematen du txip horrek. "Atzerriko proba ugaritan ere erabiltzen da txip horia, besteak beste Berlin, Londres, Rotterdam, Frankfurt, Los Angeles, Boston edo Municheko maratoietan", azaldu zuen Afedegiko gerente Mikel Oñak. "Gainera, prezio aldetik ere oso erraz amortizatzen da".

Hala, txip horia dutenek 10 euro ordainduko dute. Aldiz, txipa alokatzen dutenek 12 euro ordaindu beharko dute. Bestalde, kadeteei eta jubenilei bost euro kostako zaie parte hartzea.

Izena emateko epea, zabalik

Horrez gain, aurtengo San Silbestre lasterketan ez da diru saririk izango sailkatutako lehenengo korrikalarientzat, elkartearen "egoera ekonomikoa" dela-eta. Hori hala, sailkatzen direnek garaikurrak jasoko dituzte. Horrez gain, urdaiazpikoak, ardo botilak eta Zelai Talasoterapiarako sarrerak eta bertan asteburu-pasa zozkatuko dute.

Proban inskribatzeko epea zabalik dute korrikalariek jada. Antolatzaileek nabarmendu dute aurten ezingo dela egunean bertan izena eman. Azkoitiko eta Azpeitiko guneetan ez ezik, inguruko herrietan ere eman daiteke izena. Hala, Azpeitiko Aitzaki Kirolak eta Azkoitiko Plaza Berri Sport kirol dendetan, abenduaren 30era bitartean eman daiteke izena. Halaber, Urola Kostako Hitza-k Azpeitian (Perez Arregi 1, behea) eta Zarautzen (Araba kalea 25) duen egoitzan ere badago izena emateko aukera, abenduaren 23a baino lehen. Aurten, gainera, Kirol Probak taldearen www.kirolprobak.com webgunean hilaren 29a baino lehen izena emanda ere har daiteke parte.

Ludoteka eta dutxa zerbitzua

Hainbat maila izango dira lasterketan. Lehiakide guztiak Azpeitiko plaza nagusitik abiatuko dira, baina kategoria bakoitzak bere ibilbidea egingo du. Hala, benjamin neska-mutilek zirkuitu txikiari itzulia egingo diote, 10:30ean abiatuta. Alebinek, berriz, zirkuituari bi itzuli egingo dizkiote, 10:40en abiatuta; guztira 1.300 metro. Infantilek 1.300 metro egingo dituzte lasterka, hiru itzuli, 10:50ean irtenda.

Azkenik, lasterketa nagusian, 4.150 metro egingo dituzte kadeteek. Zirkuitu handiari itzuli bat emango diote horiek. Gainontzekoek zirkuituari bi bira emango dizkiete, 8.300 metro guztira. Lasterketa nagusiko korrikalariak 12:00etan abiatuko dira irteeratik.

Azpeitiko Udalak korrikalarientzako aldaketak eta dutxak jarriko ditu eskuragarri Izarraizpe pilotalekuan, eta lasterketa hasi baino ordubete lehenago irekiko dituztela jakinarazi du Azpeitiko Kirol zinegotzi Julian Kortajarenak. Halaber, ludoteka zerbitzua ere jarriko dute martxan egun horretan, lasterketan parte hartuko duten korrikalarien seme-alabei zuzenduta. "Gurasoen partehartzea erraztea" du helburu zerbitzu honek, eta doakoa izango da. Lau eta zazpi urte arteko umeentzat izango da zerbitzua, eta 11:15eatik 13:15eara baliatu ahalko da. Horretarako, aldez aurretik izena eman behar da, 943-15 00 95 telefonora deituta, kirolak@azpeitia.net helbidera idatzita, edota egunean bertan Iturritxiki ludotekara joanda.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide