Aterkiekin edo aterkirik gabe, festa da nagusi

Uztarria.com 2010ko abe. 21a, 15:12

Baserritarrek hartu dituzte kaleak, festarako gogoz.

Santo Tomas Egunari gogotsu ekin diete herritarrek. Herri-kirolez eta janedanaz gain, hainbat zozketatan parte hartzeko edo Ikastolari nahiz Indiako haurrei laguntzeko aukera ere bada gaurkoan.

Abenduaren 21a nahiz hurrengo egunak jai hartu dituzte herritar askok eta askok. Santo Tomas Eguna goizetik gauera ospatu behar da, eta horrek nekea dakar berarekin. Gaur, ordea, gogotsu atera dira kalera baserritarrez jantzita herritarrak nahiz inguruetatik iritsitakoak. Eguraldiak askorik lagundu ez arren, herri-kirol ikuskizunek, trikiti doinuek eta talo eta sagardo postuek alaitu dute plaza ingurua. Goiz partean pilota partidak, harri-jasotzaileen eta aizkolarien ikuskizunak, bertso-saioak eta lore eta barazki azoka berezia izan dira protagonistak. Arratsaldean, berriz, 4t'erdiko pardida eta eskuz binakakoa ikusteko aukera izango da Izarraitz Pilotalekuan 17:00etatik aurrera. Diaz eta Olaetxea neurtuko dira buruz burukoan, eta binakakoa Lize-Argote eta Lemuno-Peñagarikano bikoteen artekoa izango da. 18:00etan dantzaren txanda izango da Sanagustin Kulturgunean. Bertan Gazteen X. Dantza Txapelketa jokatuko dute. Azkenik, 20:00etan trikitilariak ariko dira kalez kale, bazterrak alaituz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide