Errege Magoei harrera beroa

Uztarria.eus 2011ko urt. 5a, 19:01

Gaspar eta Meltxor, trenetik gozokiak banatzen. Baltasar gehiagoren bila sartua zen.

Dozenaka txiki eta heldu zain izan dituzte Trenaren Museoan

Gozoki poltsa ugari hustu dituzte, kabalgatan gehiago banatzeko zain

Azken urteetan ohitura bihurtu den bezala, trenez iritsi dira Azpeitira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, Errege Magoak. Agindutako ordua -17:30ak- baino pixka bat beranduago, baina hutsik egin gabe iritsi da hirukotea.

Dozenaka txiki eta heldu zain izan dituzte Trenaren Museoan. Umeak, gurasoak, aiton-amonak... guztiak Erregeak gertutik ikusteko zain. Eta ez ikusi bakarrik: Hollywoodeko edota futboleko izar handienen pare, argazkitarako behin eta berriz gelditu behar izan dira hiru Erregeak, Azpeitira ekarri dituen trenetik jaitsi eta kanpoan zain zituzten autoetarako bidean. Aurrez, trenetik bertatik, gozoki poltsa ugari hustu dituzte, kabalgatan gehiago banatzeko zain.

Gauean hala eskatu dutenen etxeetan opariak txintxo-txintxo utziko dituztela aginduta alde egin dute, kalez kaleko ibilbideari ekin aurretik atseden hartzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide