Udalbiltzaren aurkako epaiketara joateko deitu du polizia frantsesak Xarlo Etxezaharreta hazpandarra

Uztarria.eus 2011ko urt. 7a, 13:01

Epaiketa joan den urteko uztailean hasi eta urrian bukatu zen

Orain ebazpenaren zain daude 21 auzipetuak; horien artean dira Miren Odriozola azpeitiarra eta Xarlo Etxezaharreta hazpandarra

Gara eta Berria egunkariek azaldu dutenez, polizia frantsesak Xarlo Etxezaharreta hazpandarrari gaur bertan Polizia-etxean agertzeko agindua igorri dio. Horrek nahasmena eta kezka sortu du Hazparneko zinegotzi ohiaren kontrako euro-agindu ordena izan zitekeela pentsatu baitute hasiera batean –Aurore Martinekin gertatu bezala-.

Eguerdian jakinarazi diote Etxezaharretari zitazioa baliogabetua izan dela, eta geroago jakin duenez, Udabiltzaren kontrako epaiketara joateko agindua zen igorri diotena. Epaiketa hori, baina, uztailean abiatu zen Madrilen eta urrian bukatu zen.

Etxezaharreta "suminduta" agertu da gertatukoarekin, zitazioa, nonbait, "galduta egon da" sei hilabetez Paris eta Baiona artean eta "nitaz trufatzen ari direla ematen du", salatu du.

Urrian bukatu zen Udalbiltzaren kontrako epaiketa eta ordutik, ebazpenaren zain daude Udalbiltzaren kontrako epaiketako 21 auzipetuak. Horien artean da Miren Odriozola azpeitiarra ere. 10 eta 23 urte arteko kartzela zigorra eskatu zuten auzipetuentzat akusazioek, ETArekin harremana izan zutela egotzita. Epaiketan, ordea, poliziek ez zuten auzipetuen kontrako frogarik aurkeztu.

Hainbat iturriren arabera, Udalbiltzaren aurkako epaiketaren ebazpena urtarrilaren 20an jakitea espero da.

Informazio gehiago

Ikusi hemen Udalbiltza auzia eta epaiketaren inguruko albisteak. Eta hemen klikatuta Uztarria herri aldizkariak 2008an bi auzipetuei egindako elkarrizketa irakurri dezakezu -Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 80. hamarkadatik-.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide