Lagun Onak MBk iazko balorazio onaz eta eskaintza zabalaz ekin dio urte berriari

Urola Kostako Hitza 2011ko urt. 10a, 11:01

Elkarteko federatuek aurtengo txartela jasotzeko aukera dute Luba aholkularitzan

Harrera ona izan du Mugarik Muga ekimenak, eta jende berria gerturatu zaie

Urte aldaketarekin batera iazko balorazioa egin du Lagun Onak Mendi Bazkunak, eta urte berrirako asmoak eta erronkak ere finkatu dituzte orain egun batzuk egindako batzarrean.

Lehen erronketako bat batzorde berezia antolatzea da. Izan ere, Lagun Onak Mendi Bazkunaren eskaintza gero eta zabalagoa eta anitzagoa da; hainbat mailatako mendi ibilaldiak, lasterketak, bizikleta martxak eta abar antolatzen dituzte. Horregatik, datorren urtera begira, arlo horietako bakoitzean lan egin nahi duten pertsonak bilatu eta talde bat osatu nahi dute, 2012an batzordea berritu beharko baita eta han arlo guztietako ordezkariak egotea komenigarri ikusten baitute. Azken finean, lan taldea hobeto antolatuz gero, elkarteak ere hobeto funtzionatuko duela uste dute.

Bestelako informazioa ere eman dute. Izan ere, Lagun Onak Mendi Bazkunak ia 850 bazkide ditu, eta horietako 500 baino gehiago federatuta daude. Federatuta dauden horiek, aurtengo federatu txartela jaso dezakete jada, Luba aholkularitzan.

2010a urte ona izan da

Oro har, 2010eko balorazio positiboa egiten dute elkartekoek. 38 ibilaldi egin zituzten iaz, 2009an hamabost gaztetxoenak izan ziren, hamairu helduentzakoak, sei federatuentzat soilik zirenak eta lau mendi bizikleta martxa. "Uda arte jende asko" ibili zela dio Iosu Eizagirre elkarteko kideak, "Alpeetako egonaldirako entrenatzen jardun zuen jendeak". Ondoren, helduak gutxixeago izan badira ere, haurren ibilaldiek arrakasta handia izan dutela dio.

Horrez gain, urteko egutegian agertzen ez zen arren, herriaren hiri gutunaren 700. urteurrenean Udalarekin batera antolatutako Mugaz Muga ekimenak ere oso harrera ona izan zuen, eta mendizale berriak elkartera gerturatzeko balio izan die. "Ordutik egindako ibilaldietan, Urte Berri eguneko Erlokoan kasu, Mugaz Mugako ibilaldietan gugana hurbildu ziren zenbait agertu ziren", dio Eizagirrek.

Bestalde, hiru lasterketa ere antolatu ditu Lagun Onak Mendi Bazkunak beste hainbat mendi talderekin elkarlanean, Zuzenien, Izarraizko mendi lasterketa eta Ehun Milak lasterketa, zehazki.

Ohi bezala, urtea Erlon hasi zuten mendizaleek, eta datorren abenduaren 31 arte mendiz mendi ibiliko dira asteburuero. Gaztetxoentzako edo edonork parte hartzeko moduko ibilaldiak egongo dira. Hil honen 30ean, esaterako, Azpeitia-Azkoitia egingo dute eta datorren hilean Zumaiatik Getarira ibilaldia mendiz. Eskualdeko gaztetxoen ibilaldi neurtua Azpeitian izango da aurten, martxoaren 13an. Zailtasun ertaineko ibilaldiak ere izango dira, urtarrilaren 15eko Azpeitia-Soraluze edo otsailaren 26an herritik Tolosara egingo dutena, adibidez; azken hau Aldaba Txiki sagardotegian bazkari eta guzti.

Asteburuko egonaldiak ere izango dira hilero, uda bitartean. Datorren hilerako, esaterako, Zestoako Agiro mendi taldearekin batera iraupen eskiko irteera antolatu dute. Ibilaldi hauek maila altukoak dira, eta federatuek bakarrik har dezakete parte.

Azpiegiturak hobetzen

Bestalde, elkarteko azpiegituretan hainbat berrikuntza egin dute. Taberna goitik behera margotu, apaindu, eta mahaiak eta argiak konpondu dituzte. 2011n kanpoaldea txukuntzea da asmoa. Xoxoteko aterpean, berriz, barruan zeuden gas bonbonak kanpora atera dituzte segurtasun kontuengatik. Bestalde, beheko solairuan dagoen gela ondo itxi nahi dute aurten, hezetasun arazoak izan ohi direlako bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide