Herrian "beharrezko guztia" dagoela erakutsi nahi dute Ezkontza Erakustazokarekin

Urola Kostako Hitza 2011ko urt. 12a, 11:01

Antolatzaileak ekimenaren aurkezpenean, herenegun, Sanagustinen. (Olatz Prat)

Igandean Sanagustinen egun osoz izango den azokan hainbat dendari eta eragileren eskaintza ezagutu ahal izango da

.19:00etan ezkontza arropa desfilea eskainiko dute Sanagustinen jarritako pasarelan

Herriko hainbat denda eta eragilek Ezkontza Erakustazoka antolatu du hamargarren aldiz. Igande honetan, urtarrilaren 16an, egingo da azoka, Sanagustinen, eta ezkontza arropa desfilea ere izango da. Goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara izango da zabalik erakustazoka.

Honakoak dira antolatzaileak: Kimetz ileapaindegia, Ordulari erloju-denda, M4A arropa denda, Urrestilla gizonezkoen trajeak, Halcon bidaiak, Irene Altuna loradenda, Angel argazkilaria, Leire Santillan diseinatzailea, Xabi Dantzaleku DJ-a, Grupo Codorniu kabak eta ardoak eta Olazal hotel jatetxea.

Antolatzaileek modu honetan zera erakutsi nahi dute: ezkontzea erabakitzen duten bikoteek herrian bertan topa ditzatela ezkontzarako beharrezkoak dituzten gremio eta zerbitzuak, kanpora joan gabe. Hala, eskain dezaketena erakutsiko dute antolatzaileek azokan.

Erakusketaz apartekoak

Parte-hartzaileek jarriko dituzten postuez gain, egun osoan zehar kaba eta ardo dastaketa egongo da doan Grupo Codorniuren eskutik.

Bestalde, 19:00etan ezkontza arropa desfilea eskainiko dute Sanagustinen jarritako pasarelan. Herritarrak izango dira, gehienbat, modelo lanak egingo dituztenak eta emakume, gizonezko, amabitxi nahiz ume arropak ikusi ahal izango dituzte bisitariek.

Horrez gain, aurten ezkontzeko asmoa duten bikoteei datuak hartuko zaizkie egun osoan zehar eta desfilearen amaieran zozketa berezia egingo dute. Irabazleek bi lagunentzako afaria eta gaua pasatzeko aukera izango dute Bidaniko Olazal hotel-jatetxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide