Azpeitiko taldeak irekiko du trindoor txapelketa larunbatean

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2011ko urt. 13a, 11:01

Mireia Epeldek, Nerea Etxeberriak eta Onintza Zeberiok osatuko dute azpeitiarren taldea

Larunbateko saioa 16:00etatik 17:00etara bitartean izango da, EITBk Miramonen (Donostia) duen egoitzan

Emakumezkoen Trindoor txapelketa datorren larunbatean hasiko da. Azpeitiko taldea izango da Euskadi Irratiak antolatzen duen lehenenengo saioan, iazko txapelketa irabazi baitzuen. Bigarrengo aldiz antolatu dute emakumezkoen txapelketa, eta kanporaketa bidez eramango dute aurrera, apirila bitartean.

Oraindik egutegi osoa itxi gabe badago ere, antolatzaileek jakinarazi dute guztira hamabost talde lehiatuko direla, eta eskualde mailan Aizarnazabalek, Azpeitiak, Getariak, Zarautzek eta Zumaiak hartuko dutela parte. Azkoitiko taldea ez da aurten lehiakide izango.

Final laurdenetan hasiko dira talde guztiak, Azpeitikoa izan ezik. Izan ere, "sari bezala", Azpeitiko taldea zuzenean final erdietara pasatuko da, aurreko urtean hark irabazi baitzuen txapelketa. Aurten, Mireia Epeldek, Nerea Etxeberriak eta Onintza Zeberiok osatuko dute azpeitiarren taldea, eta larunbateko saioan "erakustaldia" egingo dute, ez baitute hasierako norgehiagokan ezer jokatzen. Final laurdenetatik zortzi talde pasatuko dira final erdietara. Talde horietatik guztietatik lau herri lehiatuko dira finalean.

Ohi bezala, arraunean 750 metro egingo ditu lehenengoak, eta ondorengoak bizikletan 4 kilometro egiteari ekingo dio bizikletan. Azkenik, korrika egiteko zintan kilometro eta erdi egingo ditu.

Larunbateko saioa 16:00etatik 17:00etara bitartean izango da, EITBk Miramonen (Donostia) duen egoitzan. Ohi bezala, saio osoa Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan emango dute, zuzenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide