Espainiako Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman du Udalbiltzaren kontrako epaian, eta bertako auzipetuak errugabetu egin ditu. Horien artean da Miren Odriozola azpeitiarra. Fiskalak hamar urteko espetxe zigorra eskatzen zuen Odriozolaren eta gainerako hemeretzi auzipetuen kontra, ETArekin harremana izan zutela egotzita.
Xarlo Etxezaharreta hazpandarra ere absolbituta gelditu da - Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 80. hamarkadatik-.
Azkenean, Gomez Bermudez buru izan duen epaimahaiak guztiak absolbitu egin ditu: ez du delitu zantzurik ikusi hautetsiek erakunde horrekin aurrera eramandako jardunean. Epaiaren agiriak jasotzen duenez, "ez dago frogatuta Udalbiltza ETAren proiektua denik. Jarduera deliktiboa justifikatzeko ETAk aldarrikatzen dituen helburuak eta Udalbiltzarenak bat etortzea edo haien artean sintonia egotea ez da delitu". Alegia, ETAren helburu berak izatea ez dela delitu azpimarratu du Gomez Bermudez epaileak gidatutako epaimahaiak.
Epaiaren agiria hemen daukazue osorik.
"Absoluzioa guztiona da"
Miren Odriozolak "izugarrizko poza" zuela adierazi du epaiaren berri izan orduko, baina era berean zortzi urtez jasan behar izan duten guztia "zertarako" izan ote den pentsatzen duela: "oso garbi dago politika egitea eta ideia politikoak edukitzea ez dela delitua, ez terrorismoa". Nabarmendu du Estatuak "polizia eta haren gezurrak" erabiltzen dituela "Euskal Herriaren alde lan egin nahi dugunon aurka joateko". Izan ere, Odriozolarentzat garrantzitsuena "Euskal Herriak instituzio propioak" edukitzea da, lanean jarraitu ahal izateko. Azkenik, eskerrak eman dizkie herritar eta euskal herritar guztiei eta baita Estatuan edo nazioartean babesa erakutsi duten guztiei ere. "Absoluzio hau guztiona da", adierazi du Odriozolak hunkiturik.
Udalbiltza absolbitua
.1999ko irailaren 18an sortu zuten Udalbiltza Euskal Herriko lehen instituzio nazional gisa. Besteak beste, ondorengo helburuak betetzeko eratu zuten: Euskal Herria nazio dela aldarrikatzea, Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzeari laguntza ematea, Euskal Herriko nazio eraikuntza bultzatzea eta herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea. 2003ko apirilean egin zuten Udabiltzaren aurkako polizia operazioa, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, joan den uztailaren 15ean ekin zioten epaiketari, eta urriaren 26an amaitu zen, auzipetuek azken hitza hartuta.
Azken albistea (urtarrilak 20, 17:10): Auzipetuek prentsaurrekoa eskaini dute arratsaldean Bilbon: Ikusi berria.info-n auzipetuek eskaini duten prentsaurrekoa. Miren Odriozola azpeitiarra ere han izan da.
Ikusi aurretik ateratako albisteak
Fiskalak ez du Miren Odriozolaren zigor eskaera jaitsi
Udalbiltzaren aldeko elkarretaratzea egingo dute larunbatean, plazan
Polizia batek aitortu du eraikuntza nazionalaren aldeko lanak ez duela esan nahi ETA babesten denik
Udalbiltzaren lana zilegi zela esan dute polizia perituek
Hiru udal idazkarik diote Udalbiltza Partzuergoa sortzeko proposamena eurek egin zutela, ez ETAk
Poliziek gaur ere ez dute Udalbiltzako auzipetuen kontrako frogarik aurkeztu
Gaur hasi da Udalbiltzaren aurkako epaiketa udako etenaren ondoren
Poliziek ez dute Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu
Auzitegi Nazionalak Xarlo Etxezaharreta Espainiaren esku uzteko eskatu du
Miren Odriozola: 'Frogarik ez daukate, ez dagoelako'
Miren Odriozola: 'Babes handia jasotzen ari gara eta auzipetuok gustura gaude'
Udalbiltza auzia salatzeko elkarretaratzea egin dute plazan
Azpeitiko Udalak Udalbiltzaren kontrako auzibidea irmoki salatu du
Udalbiltza auziko bideoa ikusteko egin klik hemen .