Azpeitiko Udalak eta Diputazioak herriko bide segurtasuna hobetzeko plana jarri dute abian. Guztira, 520.000 euroko aurrekontua dute Enparangain, Akamendi, Landeta eta Loiolako lanak egiteko, eta Diputazioak finantzatuko ditu lan erdiak.
Enparangain eta Akamendin bukatu dituzte lanak, eta pultsadore bidezko semaforoak martxan dira dagoeneko.
Landetan, berriz, bi lekutan jarriko dituzte semaforoak: Asepeyo aurrean eta Lau Bide jatetxe parean. Asepeyo aurrekoa martxan dago asteburuaz geroztik eta Lau Bide jatetxe aurrekoa 2 edo 3 hilabeteren buruan jarriko dute martxan.
Gaur hasita, lanak Loiolan
Gaur, astelehena, laugarren guneko (Loiola) lanak hasi dituzte. Loiola Klinika aurrean zebrabide berria egingo dute eta pultsadore bidezko semaforoa jarriko dute.
Kiruri jatetxearekin adostu ondoren, jatetxe aurreko lorontziak kendu egingo dituzte eta espaloia berrituko da. Baranda bat ere jarriko dute, oinezkoek errepidea ez dezaten gurutzatu zebrabidea ez dagoen tokitik. Xanadu kafetegi aurrean ere baranda jarriko dute.
Lan hauek martxoaren amaierarako bukatzea espero du Udalak.
Lanen aurrekontua
Enparangain 192.000 euro
Akamendi 75.000 euro
Landeta 18.000 euro
Kiruri 235.000 euro