Azpeitia eta Lasao arteko bidegorria egiten hasi dira eta urtea amaitzerako bukatzea aurreikusten dute

Uztarria.eus 2011ko ots. 4a, 12:02

Guztira, 4,8 kilometroko luzera izango du

Ia 3.000.000 euroko aurrekontuarekin egingo dituzte lanak

Hasi dira Azpeitia eta Lasao arteko bidegorria egiten. Lanak bi zatitan egingo dituzte; lehenengo, Azpeitia eta Anardi-Badiolegi artekoa eta, gero, handik Lasaorakoa.

Mariezcurrena S.L. eta Zubieder S.L. enpresek elkarlanean egingo dituzte lanak. Guztira, 4,8 kilometro izango ditu bidegorriak eta 2.930.262 euro kostatuko da lanak egitea.

Azpiegitura berria Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du eta lau metroko zabalera izango du bideak; oinezkoen eta txirrinduen zatiak bereizita.

Ibilbideari dagokionean

Azpeititik (Damaso igarota) araztegira bitarteko bidegorri zatiak, zabalagoa izango den arren, orain arteko ibilbide berdina izango du.

Araztegiaren parean bidea trenbidearen azpitik eta instalazio hidraulikoen atzetik pasatuko da, ibaiari kalterik ez egite aldera. Motordun ibilgailuak ere erabili ahal izango dira zati horretan: traktoreak besteak beste.

Anardi-Badiolegi industriagunetik Lasaorantz jarraituko du bidegorriak, eta behar bezala argiztatuta egongo da.

Bidegorri horrek Lasao inguruko enpresekin lotuko du Azpeitia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide