Juanjo Olaizola Trenaren Museoaren zuzendaritzatik kentzeko erabakia "berriro azter dezatela" eskatuko du Udalak

Uztarria.eus 2011ko ots. 4a, 17:02

Atzo, otsailak 3, hileko Udalbatza Osoan hartu zuten erabakia, aho batez

Olaizola bilkuran izan zen eta jasotako "laguntza eta indarra" eskertu zituen

Juanjo Olaizola Trenaren Museoaren zuzendari kargutik kentzeko erabakiarekiko desadostasuna agertu du Azpeitiko Udalak, eta erabakia "berriro azter dezatela" eskatuko die Jaurlaritzak museoko Fundaziorako izendatuak dituen patronoei. Atzo, otsailak 3, hileko Udalbatza Osoan hartu zuten erabakia, aho batez; museoa fundazio bilakatu eta zuzendari berria aukeratu bitartean Olaizolak karguan jarraituko duela jakin zen egun berean.

Olaizola bera bilkuran izan zen atzo, eta Udalaren zein udal-talde guztien aldetik jasotako "laguntza eta indarra" eskertu zituen.

Mozioa

Lau puntuko mozioa onartu zuten Udalbatzan, Olaizolari eta museoko langileei babesa adieraziz. Julian Eizmendi alkateak urtarrilaren 18an plazaratu zuen adierazpenaren ildo bera jarraitzen du mozioak, Jaurlaritzak izendatutako patronoiei egiten zaien eskaera gehituta. Hona hemen mozioa, osorik:

  1. Lehenengo eta behin azpimarratu egin nahi dugu Trenbidearen Euskal Museoko giza-taldeak, bere zuzendari Juanjo Olaizola buru dela, sorreratik egin duen lana, hutsetik abiatuta, Europako tren-museorik onenetakoa bihurtu arte.
  2. Gure ezadostasuna agertu bere kargutik kentzeko hartu den erabakiagatik, bai erabakiaren mamiagatik, bai hura egiteko moduagatik.

    Museoaren zuzendaria bere kargutik kentzeko erabakia Patronoek joan den urtarrilaren 17an egindako bilera baino lehen hartua zegoen.

    Trenbidearen Euskal Museoa EuskoTren herri-baltzuak hamasei urte baino gehiagoan kudeatu ondoren, pentsatzekoa zen erakunde hori Fundazio berrira pasatzearekin, erakunde horri atxikitako langileak, bere zuzendari Juanjo Olaizola giza-talde horren buru zela, erakunde berriari atxikiko zitzaiola, kontuan izanik horien ibilbide profesional egiaztatu eta kreditatua, eta urte hauetan lortutako emaitzak.

    Ez zaigu ulergarria egiten orain arte Museoaren zuzendari izan dena kargutik kentzea, eta kezkatu egiten gaitu horrek ekar ditzakeen ondorioak, Museoaren etorkizunarentzat etor litekeenagatik.

    Patronoetakoren batek pentsatu izan balu Museoaren gaur eguneko giza-taldea, Museoaren zuzendaritza barne dela, aldatu beharra zegoela, Patronatuan proposatu behar zuen, behar bezala arrazoituta, hori baita Fundazioaren gobernu-organoa, gaia aztertu, eztabaidatu eta zegokion erabakia hartzeko. Baina erabakia aurrez hartua zegoen. Hori guztia Patronatuari ohostu zaio.

  3. Azaldu den guztiagatik, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herrilan eta Garraio sailak Trenbidearen Euskal Museoaren Fundaziorako izendatuak dituen patronoei eskatu nahi zaie berriro azter dezatela Juanjo Olaizola kargutik kentzeko erabakia, Museo horren gidaritzan dituen zereginak betetzen jarrai dezan, iruditzen baitzaigu hori dela egokiena Museoaren etorkizunerako.
  4. Erabaki honen berri eman Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herrilan eta Garraio sailari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide