Sustapen publikoko 39 etxebizitza eskaintzea onartu du Udalbatzak

Uztarria.eus 2011ko ots. 4a, 19:02

Horietatik 19 tasatuak dira, 18 alokairuko BOEak eta 2 BOEak

Nuarben esleitu gabe gelditu diren zazpi etxebizitza tasatu izatetik libre izatera pasatu eta lehengo salneurri berdinean eskainiko dituzte

Etxebizitza izan zuten hizpide nagusia atzo, otsailak 3, Udalaren hileroko Osoko Bilkuran. Aurrez Hirigintza Batzordean adostutakoak aho batez onartu zituzten talde guztiek eta, horrela, sustapen publikoko 39 etxebizitza eskaintzea onartu zuten. Horietatik 19 tasatuak dira, 18 alokairu sozialekoak eta 2 BOEak.

Tasatuei dagokienez, batzuk dagoeneko eraikita dauden pisuak dira. Hain zuzen ere, eta eskaintza berri hau egin ahal izateko, etxebizitza tasatuen udal ordenantza aldatu beharra zegoen, etxe batzuk orain arteko ordenantzarekin ezingo zituelako Udalak tasatu bezala eskaini. Ordenantzan egin beharreko aldaketak ere atzoko udalbatzan onartu zituzten.

Dagoeneko eraikita dauden eta Udalak tasatu bezala eskainiko dituen etxebizitzak hauek dira:

  • Julian Elorza: etxe 1. Prezioa: 217.647,51 euro, garajea eta trastelekuarekin.
  • Enparan: 4 etxe. Prezioak 162.273,27 eta 177.298,57 euro bitartekoak izango dira, trastelekuarekin.
  • Elizkale: 2 etxe. Prezioak 174.293 eta 175.537,57 euro bitartekoak izango dira, trastelekuarekin.

Atzo onartutako gainerako 12 etxebizitza tasatuak Euskal Herria kalean eraikiko dituztenak dira, Eroskiko dorreetako tarteko solairuan. Hauek "berehala egiten hasteko asmoa" dagoela azaldu zuen Julian Eizmendi alkateak. 12 etxebizitza horietatik 8, 178.600 eta 178.900 euro bitartean eskainiko dituzte; 2 etxe 207.300 eurotan; eta beste 2 etxe 220.000 eurotan.

Aipatutako prezioei BEZ zerga gehitu beharko zaie. Etxebizitza tasatuen eskaintza berri honetarako izena emateko epea martxoaren 18a arte luzatuko da, eta izenak Azpeitia Lantzenen bulegoan (Sindikatu Zaharrean) eman behar dira.

Alokairuko etxeak Agirre eremuan

Udalbatzak atzo onartu zituen, era berean, Agirre eremuan -Ibaieder kaleko 3. zenbakian, hain zuzen- dagoeneko eraikita dauden Babes Ofizialeko 18 etxebizitza alokairu erregimenean eskaintzeko oinarriak.

Zozketa "berehala" egin nahi du Udalak, helburua alokairuaren kontratuak ekainerako sinatzea baita. Zozketan parte hartu dezaketenak 2009ko azaroaren 30a baino lehen Etxebide-n izena emana zutenak dira; atzoko plenoan adierazi zutenez, zerrenda hartan 85 eskaera zeuden bere garaian. Egon daitezkeen bajak betetzeko, Azpeitia Lantzenek urtero eguneratuko du itxaron zerrenda eta, bertan parte hartzeko, ezinbestekoa da Etxebide-n alokairuaren aukeran izena emanda izatea.

Honako baldintzak bete behar dituzte eskatzaileek:

  • Irabaziak 3.000 eta 35.000 euro bitartekoak izatea.
  • Aurreko hiru urteetan Azpeitian erroldatuta egotea.
  • Hiru motatako etxeak daude: 54 metro karratuko 6 etxe, 72,5 metro karratuko 6 eta 86 metro karratuko 6. Irabazien eta metro karratuen arabera, alokairuaren prezioak 183 eta 550 euro bitartekoak izango dira.

Kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da eta urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez 5 urtera arte, baldintzak betetzen jarraituz gero. 18 etxebizitzetako bat ezinduentzat izango da.

Nuarbekoak, orain libreak

"Bi ahalegin egin ondoren", Udalak Nuarben eraikitako 9 etxebizitza tasatuetatik bi bakarrik esleitzea lortu duela eta, saldu gabe gelditu diren 7 etxebizitzak merkatu librera pasatzeko erabakia hartu zuen atzo Udalbatzak. Eizmendi alkateak azaldu zuenez, tasatu kalifikazioa kendu arren, "prezio berdinarekin" aterako dituzte saltzera. "Saltzea lortuz gero, Nuarbe sustatzeko hasierako helburua beteko litzateke", Eizmendiren esanetan.

Orain libre izaeran saltzen jarriko dituzten etxe horietan interesa dutenek Azpeitia Lantzenera jo behar dute. Nuarbeko etxebizitza horien prezioak 156.263,15 eta 180.303,63 euro bitartekoak dira, garajea eta trastelekuarekin.

Etxebeltz-Izarran erregimen orokorreko bi gehiago

Azkenik, Etxebeltz-Izarra eremuan eraikitzen ari diren BOEetako birentzat kalifikazio aldaketa eskatzea ere onartu zuten Udalaren atzoko bilkuran.

Etxebeltz-Izarrako etxebizitza publiko sustapenaren barruan, zazpi etxebizitza ezinduentzako aurrikusita zeuden. Horietatik bost esleituta daude, baina bi hutsik gelditu ziren. Horrela, Udalak bi etxe horiek errejimen orokorreko BOE bezala onartzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari. Bere garaian egindako zozketako zerrendaren hurrenkera baliatuko dute bi etxe horiek esleitzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide