Asteburuan hainbat domina eskuratu dituzte Izarraitz Igeri Elkartekoek

Uztarria.eus 2011ko ots. 8a, 13:02

Zapatuan Zarautzen izan ziren Ana Alberdi eta Anne Berasategi eta hiru domina eskuratu zituzten

Igandean, berriz, XI. Kutxa Sariketako finala jokatu zuten hainbat igerilarik eta bost domina irabazi zituzten azpeitiar igerilariek

Izarraitz Igeri Elkarteko igerilariek bi txapelketatan izan ziren pasatu den asteburuan: Gipuzkoako Neguko III. Sarian eta XI. Kutxa Igeriketa Sariko finalean.

Larunbatean jokatu zuten Zarautzen Gipuzkoako Neguko III. Saria eta bertan izan ziren Ana Alberdi eta Anne Berasategi azpeitiar igerilariak. Alberdik 100 metro estiloetan eta 50 metro librean, lehenengo postuan bukatu zituen bi probak. Horrenbestez, sailkapen orokorreko lehenengo postua lortu zuen Alberdik. Anne Berasategik, berriz, 50 metro bularrean eskuratu zuen garaipena eta, 50 metro libre proban 5. postua lortu zuen.

Bestalde, XI. Kutxa Sariketako finala jokatu zuten hainbat igerilarik, igandean, Legazpin. Oihana Goenagak alebin mailako 50 metro bizkar proban urrezko domina irabazi zuen. Ainhoa Goenagak, berriz, infantil mailako 50 metro bizkar proban. Ainhoa Goenagak Bidasoa taldeko beste igerilari batekin banatu zuen postua, biek denbora berdina egin baitzuten.

Zilarrezko bi garaikur eskuratu zituzten Izarraitz Igeri Elkartekoek: infantil mailako 50 metro tximeleta proban Jon Irigoienek eta infantil mailako 50 metro bularrean Jon Aizpuruk. Unai Orbeak, berriz, 50 metro bizkar proban brontzezko garaikurra irabazi zuen.

Hona Legazpiko proban parte hartu zuten, baina dominarik lortu ez zuten igerilarien postuak:

.50 metro bizkarrez: Maialen Aizpuru (11. postua) eta Markel Aranburu (9. postua).

.50 metro estilo librean: Miren Caballero (4. postua) eta Aiora Beristain eta Pablo Etxeberria (5. postua).

Taldekako 4x50 proban Ainhoa Goenagak, Pablo Etxeberriak, Alazne Bereziartuak eta Jon Irigoienek hartu zuten parte, eta bosgarren postuan sailkatu ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide