Lan Mobel Iraurgik jokalari ezagun bat fitxatu du denboraldiaren azken parteari aurre egiteko: Sergio de la Fuente (Gasteiz, 21 urte, 1,98 metro). Hegal-pibot postuan jokatzen du, eta Valladolid (Espainia) klubean hazitako jokalaria da.
Espainiako ACB Ligan jokatuta dago, Valladolidekin, 2007-2008an. Hamabi partidatan aritu zen. Batez bestekoak: zortzi minutu, 2,4 puntu, 1,3 errebote. Iaz Urrezko Adeccon jokatu zuen, Breoganen (Galizia). Talderik gabe zegoen orain.
Espainiako Estatuko gazteen selekzioetako deialdietan ohiko jokalaria izan da. 2008an junior mailan Europako Txapelketako brontzezko domina jantzi zuen, eta 2009an 20 urtez azpiko txapelketakoa.
Gaur Iraurgiren partida, etxean
Iraurgik gaur gauean jokatuko du Zilarrezko LEB Ligako beste partida bat: Plasencia Extremaduraren aurka, Azpeitian (21:00). 11. postuan dago Iraurgi (hamabost dira bere multzoan), sei neurketa irabazita eta hamabi galduta. Plasencia Extremadura seigarren dago (hamar-zortziko markarekin).